Landa eremuko lursailak topografikoki mugatzeko bilera egin dute Beizaman

Ihintza Elustondo 2022ko urr. 8a, 15:57

Beizamako Udalak topografikoki mugatuko ditu landa eremuko lursailak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko Sailak diruz lagunduta. Erakundeak Geograma enpresa kontratatu du herriko 6., 7., 8. eta 11. poligonoetako landa lurren mugak zehazteko. Guztira, landa eremuan dauden eta 357 hektareako azalera duten 175 lursail baino gehiago mugatuko dituzte. Gaur egin dute proiektu hori lur jabeei azaltzeko bilera, 12:00etan hasita, Natur Eskolako hirugarren solairuan. Guztira, 30 lagunetik gora berataratu dira.

Gaurko bileran, Pedro Mari Otaegi Beizamako alkateak egin du sarrera. Hark azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak zertxobait finantziatu du proiektua, eta gainontzeko kopuru guztia Gipuzkoako Foru Aldundiak jarri du; beraz, herritarrek ez dute ordaindu beharko beren lurren mugak zehaztearen truke. Aurkezpen horren ostean, Cristina Galvan Geogramako topografoak hartu du hitza. Hark proiektuaren nondik norakoak azaldu eta bertartu direnen zalantzak argitu ditu.

Oraingoz, aurrez aipatutako poligonoen mugak zehaztuko dituzte, eta gainontzeko poligonoenak, datozen urteetan. Hori horrela, poligono horietan lurrak dituzten herritarrak berataratu dira gaurko batzarrera. Haiek, teknikari baten laguntzar baliatuz, mugakideekin adostu beharko dituzte beren lurren mugak, eta horretarako zer pauso jarraitu beharko dituzten azaldu du Galvanek. Lur jabe bakoitzak azaroaren 25erako bete beharko du Geogramakoek haiei emandako fitxategia, eta enpresa horretako langileak abenduan hasiko dira ikerketa garatzen. Geogramakoek herritarrei eskatu diete adostasunera iristen saiatzeko mugakideekin. "Halako egitasmorik ez da berriro gauzatuko, eta garrantzitsua da mugak orain zehaztea, bestela ezagutza galdu egingo delako. Saiatu akordiora iristen, ondorengoei gauzak ondo eginda uzteko".

Cristina Galvan azalpenak ematen. (I. E.)

Ezagutza galtzen

Udalak azaldu duenez, "jabeek edo oinordekoek landa jabetzak ahazteak edo ez ezagutzeak, mugarriak eta mugak garbi ez egotea edo desagertzea" ekarri du. Horren ondorioz, mendia ez dela zaintzen nabarmendu du erakundeak, eta horrek nekazal mundurako "kalte larriak" eragiten dituela. Egoera horren aurrean erabaki du udalak lur horiek mugatzea. Dena den, herrian nekazal inguruneak duen zabalera kontuan izanda, proiektuarekin "erronka handi bati" aurre egin beharko dio Beizamak.

Proiektuaren helburuak dira mugetan egon daitezkeen akatsak argitzea eta zuzentzea, eta mugarriei eta mugei GPS koordenadak ematea. Lanak behar bezala egin ahal izateko, udalaren esanetan, "ezinbestekoa" izango da 70 jabe baino gehiagoren laguntza, horiek mugakideekin lursailen mugak eta mugarriak adostu beharko baitituzte. Lanak bukatu ondoren, mugak zehaztuta eta mugarrien koordenadak dituzten planoak emango zaizkie jabeei, beharrezkoa izanez gero, katastroko mugak zuzenduz.

Herritarren interesa piztu du gaiak. (I. E.)