Mugak zehaztu, gal ez daitezen

Ihintza Elustondo 2022ko urr. 14a, 09:19

Gipuzkoako hainbat herri landa lurren mugak digitalizatzen ari dira, aldundiaren laguntzarekin.

Landa eremuko lurren mugak arazo iturri bilakatu dira. Izan ere, lehen, jabeek ondo ezagutu ohi zituzten beren lurrak eta haien mugak, baina belaunaldien arteko transmisio faltak mugarriak eta mugak garbi ez egotea edo horiek desagertzea ekarri du. Horren ondorioz, lurrak nahiz mendiak ez dira lehen bezala zaintzen, eta, erakundeek ohartarazi dutenez, horrek “kalte larriak” eragiten ditu nekazaritza munduan. Egoera horren aurrean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko Sailak diru laguntza lerro bat jarri du martxan, udalerriek beren lurren mugak digitalizatu ahal izateko proiektuak gara ditzaten.

Arantxa Ariztimuño aldundiko Mendietako eta Natur Inguruneko zuzendariak azaldu duenez, Gipuzkoako lurren %90 landa lurrak dira, eta lursail horiek “baserriari lotuta” egon dira historikoki. Hala ere, azken hamarkadetan, Gipuzkoako gizartea “kaletartu” egin da, eta horrek lursailen eta haien mugarrien gaineko ezagutza “galtzea” ekarri du. Egoera horretaz jabetuta eta ondorengo belaunaldiei “informazio osoa eta argia” helarazi asmoz, aldundiak iaz jarri zuen martxan Gipuzkoako landa lurren mugak digitalki jasotzeko egitasmoa. Prozesua hamar urtean amaitzea espero dute, eta, horretarako, aldundiak hiru milioi euroko inbertsioa egitea aurreikusi du —300.000 euro urtean—. Udalerri bakoitzak jarri beharko du proiektua finantzatzeko gainerako %50a; horri esker, lursailen jabeek ez dute euren gain hartu beharko kosturik.

Aldundia dagoeneko ari da lanean Gipuzkoako hainbat herritan. Joan den urteko deialdian bederatzi herrik adierazi zuten proiektuarekiko interesa: Ataunek, Olaberriak, Orexak, Mendarok, Zumarragak, Azkoitiak, Abaltzisketak, Legazpik eta Zegamak. Herri horietan lanak “oso aurreratuta” doazela azaldu du Ariztimuñok; aurtengo deialdian, beste hainbat herri batu dira egitasmora: Beizama, Elgeta, Azpeitia, Aia, Anoeta, Baliarrain, Albiztur, Beasain, Deba…

Jarraitu irakurtzen Gipuzkoa.Hitza.eus webgunean.