Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiaren finalaurreko kanporaketa jokatuko dute larunbatean Azpeitian

Mailo Oiarzabal 2022ko urr. 18a, 16:42

Mikel Larrañaga azpeitiarra, Eneko Otaño beizamarra eta Julen Alberdi 'Txikia IV'.a azkoitiarra lehian izango dira, beste hamar aizkolarirekin batera. 18:00etan hasiko da kanporaketa Izarraitz pilotalekuan. Sarrerak aurrez salgai jarri dituzte Mendizabal erretegian, eta egunean bertan pilotalekuko leihatilan ere erosgai izango dira. 17 urtez azpikoek ez dute sarrera ordaindu beharrik izango.

III. Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiaren finalaurreko kanporaketa Azpeitian jokatuko dute. Zapatuan izango da, urriaren 22an, Izarraitz pilotalekuan. 18:00etan hasiko da kanporaketa. Sarrerak 25 eurotan salduko dituzte, egunean bertan Izarraizko leihatilan ez ezik, baita aurrez Landetako Mendizabal erretegian ere. 17 urtetik beherakoek, ordea, finalaurreko kanporaketa doan ikusteko aukera izango dute, horiek ez dute-eta sarrerarik ordaindu beharko.

Hamahiru aizkolarik jokatuko dute Azpeitiko finalaurrekoa, eta horietatik sei onenek lortuko dute Bilboko Bilbao Arenan azaroaren 13an jokatuko den finalera sailkatzea. Eskualdeko hiru aizkolari lehiatuko dira larunbatean Azpeitiko saioan: Mikel Larrañaga azpeitiarra –aizkolariek beraiek antolatutako txapelketaren lehen bi edizioetako txapeldunordea, Eneko Otaño beizamarra –hirugarren sailkatua, aurreko bi urteetan– eta Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra. Aldiz, Iker Vicente, orain arteko txapeldun bakarra, ez da ariko aurtengo txapelketan. Aitzol Atutxa, Jon Irazu, Ugaitz Mugertza, Julen Larrea, Iñaki Azurmendi, Jexux Mugika, Arkaitz Jauregi, Jon Rekondo, Ibai Soroa eta Txomin Amundarain dira urriaren 22ko kanporaketa jokatuko duten gainerako aizkolariak. Soroak eta Amundarainek joan den zapatuan lortu zuten, Getxon (Bizkaia), datorrenean Azpeitian lehiatzeko eskubidea, promozio mailako txapelketaren finalean hurrenez hurren lehen eta bigarren postuetan sailkatu ondoren.

Zapatuan, bina kanaerdiko, 60 ontzako eta oinbiko moztu beharko dituzte aizkolariek.