Beizamako Udalak ez du igoerarik aplikatuko 2023ko udal tasetan eta zergetan

Ihintza Elustondo 2022ko urr. 19a, 09:06

Beizamako udal ordezkariek azaldu dutenez, "egoera ekonomikoa zein den ikusirik eta iaz %4ko igoera onartu zutenez", 2023ko Ordenantza Fiskaletan igoerarik ez aplikatzea erabaki du erakundeak.

Beizamako Udalean ezohiko osoko bilkura egin zuten joan zen ostiralean, urriak 14, eta besteak beste, 2023ko Ordenantza Fiskalak onartu zituzten han.

Udal ordezkariek azaldu dutenez, normalean iraileko urte arteko inflazioa hartzen dute erreferentziatzat udal tasak eta zergak onartzerakoan, eta aurtengo irailean, %8,5ekoa izan da inflazioa Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Dena den, "egoera ekonomikoa zein den ikusirik eta iaz %4ko igoera onartu zutenez", 2023ko Ordenantza Fiskaletan igoerarik ez aplikatzea erabaki zuen Beizamako Udalak.