Larrañaga, Txikia IV.a eta Otaño aizkolari txapelketa nagusiko finalerako sailkatu dira

Nerea Uranga 2022ko urr. 23a, 09:08

Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko finalaurreko kanporaketa jokatu dute Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Eskualdeko hiru aizkolariek egin dute saioko lan onena.

III. Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiaren finalaurreko kanporaketa jokatu zuten  11 aizkolarik atzo, 18:00etan hasita, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Atzokoan lan onena egindako sei aizkolariek lortu zuten azaroaren 13an Bilboko Bilbao Arenan jokatuko den finalerako txartela: Mikel Larrañaga azpeitiarrak, Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarrak, Eneko Otaño beizamarrak, Ugaitz Mugertzak, Txomin Amundarainek eta Ibai Soroak.

Bina kanaerdiko, 60 ontzako eta oinbikoa moztu behar izan zituzten finalaurrekoan. Larrañagak egin zituen lanak azkarren, 18 minutu eta 46 segundoan lanak bukatuta. Haren atzetik, bigarren denbora onena, Txikia IV.ak egin zuen, 20 minutu eta hiru segundoan egurrak ebakita, eta hirugarrena Otaño izan zen, 21 minutu eta lau segundoan egurrak moztuta.

Hamahiru aizkolarik parte hartu behar zuten atzoko finalaurrekoan, baina Aitzol Atutxak eta Jon Rekondok ezin izan zuten jokatu, osasun arazoak tarteko.

Sailkapena eta denborak:
1. Mikel Larrañaga (18:46)
2. Julen Alberdi Txikia IV.a (20:03)
3. Eneko Otaño (21:04)
4. Ugaitz Mugertza (21:46)
5. Txomin Amundarain (23:11)
6. Ibai Soroa (23:37)
7. Julen Larrea (23:57)
8. Jexux Mujika (24:27)
9. Ion Irazu (25:31)
10. Iñaki Azurmendi (26:01)
11. Arkaitz Jauregi (27:15)