84. urtebetetze egunean, Beizamako herriaren omenaldi beroa jaso du Juanita Olazabalek

Ihintza Elustondo 2023ko api. 23a, 18:45

Juanita Olazabali omenaldia egin diote gaur Beizaman, herrian zein elizan "egindako lana zein inplikazioa eskertzeko". Pozik eta ilusioz hartu du gaurko ekitaldia Olazabalek, bere 84. urtebetetze egunean. 

Juanita Olazabali omenaldia egin diote gaur, apirilaren 23an, Beizaman. "Juanitak bere bizitzaren zati bat Beizamako herriari laguntzen eta elizako lanak egiten" eman duela gogoratu du omenaldia antolatu duen Parrokiako komisioak, eta herrian zein elizan "egindako lana zein inplikazioa eskertzeko" prestatu dute gaurko ekitaldia.

10:15ean meza izan da, eta han, bertsoak abestu dizkio Olazabali haren seme Xabier Arrutik. Jarraian, ahoko soinua jo dio anaia Inazio Olazabalek. Meza amaitzean, eliz atarian, loreak eta oroigarriak eman dizkiote Parrokiako komisioko kideek nahiz udal ordezkariek omenduari. Gaur, gainera, Olazabalen urtebetetze eguna da, eta Zorionak abestu diote bertaratu diren guztiek. Ondoren, hamaiketakoa egin dute Ostatuan. Pozik eta ilusioz hartu du gaurko omenaldia Olazabalek, bere 84. urtebetetze egunean.