Herri kirol jardunaldia izan da Beizaman, eskualdeko hainbat ordezkarirekin

Ihintza Elustondo 2024ko ots. 10a, 20:09

Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketaren, gazte mailako Banakako Aizkolari Txapelketaren, eta gizonen binakako zein emakumeen banakako harri jasotzaile txapelketen jardunaldi bana jokatu dituzte Beizaman. Eneko Otaño beizamarra, Mikel Larrañaga eta Olaia Esnaola azpeitiarrak, Mikel Lopetegi Urra, Imanol Royo Lartain eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a zarauztarrak, eta Jon Unanue Goenatxo III.a azkoitiarra lehiatu dira.

Egur Sport enpresak Urrezko Aizkolariak zigiluaren bueltan antolatzen dituen herri kirol txapelketak geldialdia egin du gaur Beizamako Illaunpe pilotalekuan. Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketaren, gazte mailako Banakako Aizkolari Txapelketaren, eta gizonen binakako zein emakumeen banakako harri jasotzaile txapelketen jardunaldi bana jokatu dituzte. Hamahiru kirolari lehiatu dira guztira, eta horietako zazpi eskualdekoak dira: Eneko Otaño beizamarra, Mikel Larrañaga eta Olaia Esnaola azpeitiarrak, Mikel Lopetegi Urra, Imanol Royo Lartain eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a zarauztarrak, eta Jon Unanue Goenatxo III.a azkoitiarra.

Aizkolarien binakako lehia nagusian, bi bikote aritu dira finalean sartzeko borrokan: Larrañaga eta Txomin Amundarain, Otaño eta Julen Larrearen kontra. Etxekoa, Otaño, sailkatu da finalera, Larrea bikotearekin batera; izan ere, guztira hamazazpi minutu eta 26 segundo behar izan dituzte horiek lanak amaitzeko, eta Larrañagak eta Amundarainek, berriz, hamazazpi minutu eta 48 segundo.

Gazte mailako aizkolarien lehia da eskualdeko ordezkaririk izan ez duen bakarra: Unai Etxebarria Osinalde-k eta Kimetz Oñederra Aittola-k neurtu dituzte indarrak, batetik; eta Jokin Larrietak eta Aritz Oiarbidek, bestetik. Azken bikote horrek egin du aurrera gaurko lehian.

Harri jasotzaileak ere gogor

Harri jasotze txapelketetan, aldiz, lehiatu diren bost kirolariak dira eskualdekoak. Gizonen txapelketan, Urra, Lartain, Goenatxo III.a eta Izeta IV.a aritu dira nor baino nor; emakumeen txapelketan, berriz, Esnaola bakarkako lanean aritu da aitaren herrian.

Esnaola hasi da harriarekin lanean. 63 kiloko zilindo zaharra 21 aldiz jaso du bi minutuko tartean, 63 kiloko kubikoa hamabost aldiz denbora tarte berean, eta beste hamabost aldiz 63 kiloko bola. Guztira, 3.213 kilo jaso ditu azpeitiarrak.

Gizonen kasuan, Binakako Harrijasotze Txapelketako jardunaldia izan dute gaur, harri handiekin; Lartain eta Urra elkarrekin lehiatu dira, Goenatxo III.aren eta Izeta IV.aren aurka. Lehen bikoteak 80 jasoaldi egin ditu guztira, eta bigarrenak, berriz, 74. Horrenbestez, Lartain eta Urra izan dira gaurko garaileak.