“Hori ez ukitu, kaka da!” zenbatetan ez ote diogu esan ume bati. Zenbatetan ez ote digute geuri esan. Nazkazko “Aaaaajjjj” batez jarraituta, gehienetan. Helduarentzat kaka izan liteke: beste norbaiti edo haurrari berari eroritako gozokia, erabilitako kleenexa, lokaztutako harri txintxorra, asteburuaren ondoren lurrean geratutako kristal zatitxoa, zigarro punta, txikle likatsu bat…. Txikiak lurrean, eskura-eskura duen altxorra, gurasoentzat kaka. Umearentzat deskubritzeko dagoen mundurako atea dena, helduarentzat, kaka. Baita norbaiti galdutako jostailutxo bat topatutakoan ere. “Ez ukitu, auskalo norena den!”.
Gero ez dakit zer pasatzen den. Haurrak kaka pardelean egiteari utzi eta komuna erabiltzen hasten den garaitsuan, esango nuke, kaka dena eta ez dena bere kasa bereizteko gaitasuna egozten diegu. Horrelaxe, egun batetik bestera. Sasoi horretatik aurrera, gutxi gorabehera, euren munduaren aurkikuntza ez da jada zoladuratik zentimetro gutxitara ematen; parkeko lurzoru ia infinituaren mugak ez dira jada haien unibertsoarenekin bat etortzen. Haientzat ere mundua esku-ahurrean kabitzen da. Eta gigabytetan neurtzen. Izan ere, jada pardelik ez badarabil, bere ipurdia garbitzeko gai bada ─nola hala─, pentsatu duzu smartphona edo tableta erabiltzeko kapaza ere badela. Eta, a ze nolako bakea ematen duen segundo- minutu-ordu horietan! Auskalo ze ikusten dabilen! Pornoa ez den bitartean! Youtuben ibiliko da. Mundurako haien leiho ia bakarra, behin pantailatxoa eskuetan, Youtube baita.
Topiko sexistetan erortzeko arriskuarekin, baina betiere inguruan ikusten dudana oinarritzat hartuta: mutilek bideo-jokoei buruzko bideoak dituzte gogoko ─irakasleon txaparekin bai, baina youtuberren eskola magistralekin ez dira aspertzen─, edo, besterik gabe, norbaitek jokatutako partidak ikustea gustatzen zaie. Duela hainbat urtetatik gertatzen ari den fenomeno horri ezin diot ez buru ez hankarik aurkitu; hau da, jokatu ordez, jokatzen ikuste horri. Baina, tira, izango du zerbait engantxatzen duena. Eta neskak: ai, neskak! Inguruan ditudan neskatoek ─oraindik adina zifra bakarrez idazten duten neskatilez ari naiz─ bi motatako bideoak dituzte gustuko nagusiki. Batetik, panpinak agertzen direnak: unboxingak izan daitezke, edo reviewak, edo norbait panpinekin jolasten ageri diren bideoak, bestela. Baina, berriro ere, ikusle huts gure haurrak, jolastu ordez, jolasten ikusten. Bestetik, edertasun-ikastaroak dituzte gogoko: makillajea, txirikordak…. Zorionez, bada zimaur horren guztiaren artean Goazeneko bideoak ikusi eta dantzatu nahi duenik, eta, oh!, lehen hitzak haurtxoaren pantailatik euskaraz. Datuen arabera, bost urterekin hasten omen dira bideotutorialak ikusten, zazpirekin bideo-jokoen bideoak ikusten. Ez dute ez eskurik ez arroparik zikinduko, baina bai burua goraino
kakaz bete, jolastu ordez, jolasten ikustea nahiago duten izaki pasiboak bihurtuz. Mila kolorez eta musikatxoz burmuina beteta. Droga merkea, eskura-eskura,
eta gurasoak larritasun izpirik erakutsi gabe. Teknologiak piztiak baretu baititzake.
Eta, noski, inoiz helduko ez garen nagusiok ere, lepo beretik burua. Sare sozialetako kaka horrek guztiak egunean kentzen zidan denboraz jabetuta, sare horietako batetik baja ematea pentsatu nuen. A ze liberazioa, lehenengo asteetan! Pantailatxoa esku artean hartu eta… atzera poltsara; denbora-jale nagusia falta zen eta mugikoarrean. Nire bakeak ez zuen luze iraun, ordea. Izen ezberdineko baina antzeko edukiko beste sare sozial batek hartu zion lekua laster, eta beste mila aplikazio txatxuk ere bai. Eta, hortxe, gustura, behatz puntaz kaka gora eta behera irristatuz etengabe. Zergatik ote une oro okupatuta egoteko behar hau? Denbora lelokeriaz betetzekoa? Deskonektatzeko eta ezertaz ez pentsatzeko beharra dugulako, noski. Baina, zertaz deskonektatu? Eta pentsatu gabe bizi? Descartesek burua altxatuko balu! Behar kezkagarriak, nolanahi ere. Nago ez ote dugun gehitxo deskonektatzen. Inguruaz, ingurukoez. Eta baita geure buruaz ere. Deskonexio totala, hiperkonexioaren aroan. Denok hortxe, elkarren bueltan biraka, baina bakoitza berean. Euliak kakatan bezala.