Errezilgo Udalak aho batez onartu du datorren urteko udal tasak eta zergak %1 igotzea

Anartz Izagirre 2022ko urr. 7a, 10:49

Azken urteetako joerari jarraituz, uraren eta zaborraren tasa zein ibilgailuen zerga %1 igoko dituzte Errezilen. Bestalde, trikitixa, pandero, dantza eta pilates ikastaroen kostuaren erdia bere gain hartuko du udalak.

Errezilgo Udalak hasierako onarpena eman die datorren urtean udalerrian indarrean izango diren Ordenantza Fiskalei. Atzo, osteguna, egin zuten urriko ohiko udalbatzarra, eta bertan zehaztu zituzten 2023. urtean Errezilgo biztanleek ordainduko dituzten udal tasak, zergak eta prezio publikoak. Alegazioak aurkezteko epearen ondoren aldaketarik ez bada, udalbatzarrean onartutako tasak eta zergak indarrean izango dira, beraz, datorren urtarrilaren 1etik aurrera. Aho batez onartu dituzte udal ordezkariek datorren urterako Ordenantza Fiskalak, EH Bilduko eta Errezilgintza taldeko hautetsien aldeko botoekin.

Trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zerga, ur horniduraren zerbitzuei dagokion tasa eta zabor bilketa zerbitzuaren tasa % 1 igotzea erabaki du udalak. Xebero Agirretxe Errezilgo alkateak dio "igoera progresibo txiki bat" mantentzea erabaki dutela, joan diren urteetan egin duten moduan: "Herritarren poltsikoei ahalik eta gutxien eragiteko, iruditzen zaigu hobea dela zergak eta tasak izoztea baino igoera progresibo txiki bat mantentzea".

Ikastaroen kostuaren erdia

Gainerako tasa nagusi guztien kopuruak berdin mantenduko dituzte datorren urtean, baita hobarienak ere. Halere, berrikuntza baten berri eman du Agirretxek: "Trikitixa, panderoa, dantza eta pilates ikastaroen kostuaren erdia udalak ordainduko du". Beraz, ikastaro horietako erabiltzaileek saioen prezioaren erdia soilik ordaindu beharko dute 2023. urtean.