Azken txanpan sartu dira Errezilgo sanmartinak

Ane Olaizola 2022ko aza. 13a, 12:56

Umeen krosa egin dute gaur goizean Errezilen, eta eguraldia lagun, giro ederra izan da herriko kaleetan. Arratsaldean amaituko dira festak, hiru eguneko ospakizunen ondoren.

Hiru eguneko festen ostean, azken txanpan sartu dira Errezilgo sanmartinak. Joan zen ostiralean bota zuten txupinazoa, eta ordutik, hamaika ekintza izan dituzte errezildarrek herriko festez gozatzeko. Gaur, igandea, umeek hartu dute protagonismoa, eta dozenaka haurrek krosa egin dute goizean. Adinka banatuta egin dituzte neska-mutilek herrian itzuliak, eta bakoitzak domina bana jaso du amaieran. Era berean, kopak jaso dituzte helmugara iritsi diren aurreneko neskek, mutile eta errezildarrek.

Haur Hezkuntzako umeak izan dira korrika egiten lehenak, eta maila horretan, Xuban Agirretxe eta Alize Agirretxe izan dira bizkorrenak, eta aurrenekoa, errezildarra izanik, bi garaikur jaso ditu. Lore Beristainek ere jaso du kopa, hura izan baita errezildarren artean azkarrena; aurrebenjaminetan, Oñatz Beristain eta Uxue Agirretxe errezildarrak nagusitu dira; benjaminen mailan, berriz, Alain Uranga eta Alaia Zubizarreta izan dira bizkorrenak, eta aurreneko errezildarren saria jaso dute Joanes eta Junek; alebinetan, bestalde, Manex Uranga eta Maite Arregi nagusitu dira, eta Izarne eta Mikel Agirretxe izan dira aurreneko herritarrak; azkenik, infantiletan, Mikel Zabalak eta Ane Boschek irabazi dute proba, eta Eñaut Rodriguezi aurreneko errezildarraren kopa eman diote —nesketan ez du errezildarrik parte hartu—.

Arratsaldean amaituko dira festak, eta orduan ere umeentzako ekintzak egingo dituzte, 16:00etan hasita. 18:00etan, berriz, Luze ala motz bakarrizketa saioak itxiko du jaien egitaraua.

Atzoko mus txapelketako eta sagardo dastaketako zein gaurko umeen kroseko argazkiak dira honako hauek.

(Argazkiak: Errezilgo Festa Batzordea eta Ane Olaizola)