Jubilatuen Egunarekin, agurtu dituzte festak Errezilen

Ihintza Elustondo 2022ko aza. 20a, 18:01

Jubilatuen Eguna ospatu dute gaur Errezilen. Lehenik, meza izan da, eta bazkaria egin dute ondoren. Aurtengoan, 91 urte dituen Ezamagoenako Anttoni Etxenagusiak jaso du udalaren oroigarria. 

San Martin festetako ekintza gehienak joan zen astean amaitu zituzten Errezilen, baina ohitura den moduan, herriko jaiak ondo agurtzeko, Jubilatuen Eguna egin dute astebete geroago. Lehenik, meza izan da herriko elizan, 13:00etan, eta ondoren, bazkaria egin dute, 14:00etan hasita, trikitilariek eta bertsolariek gidatuta.

Guztira, 25 pertsona elkartu dira bazkaritarako, eta urteroko gisan, oraindik udalaren oroigarririk jaso ez duen herritar zaharrenari aitortza egin diote. Aurtengoan, 91 urte dituen Ezamagoenako Anttoni Etxenagusiak jaso du udalaren oroigarria. Itzeder eta Lidia trikitilariek musikaz alaitu dute giroa, eta Loidisaletxe eta Unai Agirre bertsolariak aritu dira kantuan. Udalaren ordezkari gisa, berriz, Xebero Agirretxe alkatea eta Luis Arakistain zinegotzia izan dira ekitaldian.