Giro ederrean ospatu dute Errezil Sagarraren Eguna

Ihintza Elustondo 2022ko abe. 4a, 14:38

Ibarbi sagarrari balioa emateko, Errezil Sagar Astea egin dute egunotan Errezilen, eta horren barruan, Errezil Sagarraren Eguna ospatu dute gaur. Azoka izan da herriko pilotalekuan, eta jende ugari bertaratu da. Era berean, Errezil Sagarraren Ibilbidean bisita gidatua egin dute.

Ibarbi sagarrari balioa emateko, Errezil Sagar Astea egin dute egunotan Errezilen, Ibarbi kultur elkarteak eta Errezilgo Udalak antolatuta. Aurtengo sagarraren uzta urria izan arren, aurreko urteetan bezalaxe, herriko produktu kutunaren bueltan ekitaldiak egin dituzte.

Gaur, igandea, Errezil Sagarraren Eguna ospatu dute. Hala, 10:00etatik 14:00etara bitartean, azoka egin dute herriko pilotalekuan. Sagarrak, sagarrarekin egindako produktuak, herriko produktuak eta artisauen produktuak egon dira ikusgai eta salgai frontoian jarri dituzten postuetan, eta jende ugari bertaratu da. Gainera, 11:00etan Goiko plazatik irtenda, Errezil Sagarraren Ibilbidean bisita gidatua egiteko aukera izan da. Ibilaldi horretan, Sagardorouteko eta Ibarbi kultur elkarteko kideak aritu dira gidari lanetan.

Errezil Sagar Astearen barruan, Balerdipeko erleak: erlezaintza eta gure sagastietan duen garrantzia hitzaldia izan zen ostiralean; Marttin Jauregi eta Inaxio Arin erlezainak aritu ziren hizlari, Borondegin.