Agintaldiko azken aurrekontua onartu du Errezilgo Udalak

Mailo Oiarzabal 2023ko ots. 8a, 08:33
Pilotalekuan harmailak jartzea aurreikusi du Errezilgo Udalak 2023ko aurrekontuan. (euskadi.eus)

879.450 eurorekin, iaz baino 62.000 euro gehiago kudeatuko ditu erakundeak 2023an. Gazte eta nerabeentzako hezitzaile lanpostua finkatu eta lehiaketa publikora aterako dute udaberrian. Ia 200 mila euro izendatu dituzte inbertsioetarako, eta horien erdia baino gehiago pilotalekuan harmailak jartzeko erabiliko dute. Udaletxea berritzeko lehen fasea ere aurreikusi dute inbertsioetan.

Joan den astean onartu zuen Errezilgo Udalak 2023ko aurrekontua, agintaldi honetako azkena. 879.450 euroko aurrekontua izango du erakundeak aurten, iaz baino 62.000 euro, alegia. Udalen Finantzaketarako Foru Funtsetik aurreikusitakoa baino 30.000 euro gehiago jaso ditu aurtengorako Errezilgo Udalak, eta hori bultzada garrantzitsua izan da aurrekontua gizendu ahal izateko, Xebero Agirretxe alkatearen arabera.

Ohi bezala, soldatek eta zerbitzu orokorrek bereganatuko dute aurrekontuaren gastuen atalaren zatirik handiena. Horiek alde batera utzita, "aldaketa handiena" gazte eta nerabeentzako hezitzailearen lanpostuaren finkotzea izango dela nabarmendu du Agirretxek. Joan den udaberrian jarri zuen martxan udalak, Saiaz gizarte zerbitzuetako mankomunitatearekin batera, Aishe aisialdi hezitzaile zerbitzua. "Proba pilotu" gisa ematen hasi ziren zerbitzua finkotzeko asmoa du orain udalak, eta lehiaketa publiko bidez lizitatuko du udaberrian. "Urtebeteko kontratua lizitatuko dugu, bost urteko epean urtero berritzeko aukerarekin", dio alkateak; 32.000 euroko diru poltsa jarri dute horretarako udal aurrekontuan.

Frontoia, udaletxea eta urbanizazio lanak

2023ko hasierako aurrekontuan, 198.000 euro bideratu ditu Errezilgo Udalak inbertsioen kapitulurako. Sail horretan, bi atal berri nabarmendu ditu alkateak. Batetik, pilotalekuan harmailak jarriko dituzte, eta inbertsioetarako aurrekontuaren erdia pasatxo, 100.000 euro, jarri dituzte zeregin horretarako. Bestetik, udaletxean leiho berriak jarriko dituzte, "energetikoki eraginkorrak". Azken hori izango da "berritze sakona" eskatzen duen eraikina egokitzeko proiektuaren lehen fasea, Agirretxek azaldu duenez. 30.000 euroko partida onartu dute udaletxea berritzeko hasierako lan horietarako, alkatearen ustez partida "seguru asko handitu" beharrean izango badira ere.

Urtero bezala, baserri bideak berritzeko partidak ere sartu dituzte inbertsioen multzoan, herriguneko zenbait urbanizazio lanekin batera; besteak beste, Padrenea eta Padrenea Berri etxeetara hiri-gasa eramateko lanak aurreikusi dituzte aurtengorako, eta iaztik datozen saneamendu lanak osatzen jarraituko dute. Inbertsioen atalean sartu dute, era berean, Mediku Etxeko gimnasioaren ekipazioa hobetzeko partida bat.