Landaola federazioaren Landa Eremuko Emakumeak saria jaso du Errezilgo Azokak

Andoni Elduaien 2023ko mar. 3a, 15:11
Errezilgo Azokako BegoƱa Galarraga arduraduna, ezkerretik laugarrena. (Landaola)

Landaola federazioak VI. Landaola sariak banatu ditu gaur eguerdian Berastegin (Gipuzkoa). Landa Eremuko Emakumeak saria eskuratu du Errezilgo Azokak. Begoña Galarragak jaso du saria Errezilgo Azokako ordezkari bezala.

Landaola federazioak, Gipuzkoako landa eremuaren garapenaren alde lan egiten duen elkarteak, VI. Landaola sariak banatu ditu gaur, ostirala, Berastegin (Gipuzkoa). Erakunde pribatuen nahiz publikoen sariak, Landa Eremuko Emakumeak saria eta Urteetako Ibilbidearen saria banatu dituzte han. Errezilgo Azoka izan da aurtengo saridunetako bat, Landa Eremuko Emakumeak saria eman baitio federazioak Urola Kosta eskualdeko herri horri.

1994.urtean sortu zuten Errezilgo azoka. Herriko bost emakumeren parte hartzearekin jarri zuten abian azoka. Hasiera batean, Errezil sagarrari aterabidea emateko sagar alea saltzen hasi ziren, baina berehala azokari balio erantsia emateko beharra ikusi zuten.

Bide horretan, Errezilgo Udalak utzitako lokal batean Errezil sagarraren eraldaketa gune bat sortu zuten. Gaur egun, Ibarbi sagarrarekin egindakoak dira herri horretako azokako produktu nagusiak, baina beste fruitu batzuk ere erabiltzen dituzte bestelako produktuak egiteko.

Konpotak, marmeladak, menbrilloa, sasoiko babarrunak, hurrak eta gaztak dira Errezilgo Azokak ekoiztu, elaboratu eta saltzen dituen produktuak. Produktu guztiak ohiko eran egiten dituzte, inolako gehigarririk bota gabe. Udaletxe azpian dituzte denda eta eraldaketa gunea, bertan egiten dituzte elaborazio guztiak nahiz etiketatzeak, eta handik ateratzen dira Errezilgo Azoka markarekin. Asteko egun guztietan zabalik izaten da denda, baita igandeetan ere.

Galarraga solasean, saria jaso ostean. (Landaola)