Kanpaldia egin dute Errezilgo 35 haurrek Pazko Astean

Mailo Oiarzabal 2023ko api. 18a, 10:10

San Martin Herri Eskolako guraso elkarteak, udalaren laguntzarekin, lehen aldiz antolatu du halako egitasmo bat Pazko Asterako. Joan den ostegunean eta ostiralean, 6 eta 13 arteko herriko 35 umek eta gaztetxok askotariko ekintzak egin zituzten, eta eskolako gimnasioan egin zuten lo.

Errezilgo San Martin Herri Eskolako guraso elkarteak, udalaren laguntzarekin, Pazko Asterako haur eta gaztetxoentzako ekintzak antolatu ditu aurten lehen aldiz, Inguru Abentura enpresarekin.

Hain zuzen ere, bi eguneko kanpaldiaz gozatu zuten joan den ostegunean eta ostiralean 6 eta 13 urte bitarteko herriko 35 umek eta gaztetxok. Eguraldi euritsua tarteko, eskolan edota pilotalekuan egin behar izan zituzten ekintza guztiak, aterpean, baina bai parte hartzaileak, bai antolatzaileak, gustura gelditu dira esperientziarekin.

Puzgarriak, tailerrak, kirolak, magia... Askotariko ekintzak egin ahal izan zituzten kanpaldian, eta eskolako gimnasioan egin zuten lo elkarrekin.