Ibarbi sagarrondoen loraldiaz gozatzeko bisita gidatua antolatu dute Errezilen larunbaterako

Mailo Oiarzabal 2023ko api. 25a, 18:01
Sagarrondoaren lorea. (Ibarbi elkartea)

Ibarbi elkarteak eta Sagardoa Routek elkarlanean prestatu dute Errezilgo Sagarraren Ibilbidean zehar egin ahal izango den ibilaldia. Parte hartzeko, aurrez izena eman eta txartela erosi behar da.

Errezilgo Sagarraren Ibilbidea osatzeko deialdi berezia egin dute Ibarbi kooperatiba elkarteak eta Sagardoa Routek larunbaterako, apirilaren 29rako.

Ibarbi sagarrondoen loraldiaz gozatu nahi dutenentzat, ibilaldi gidatua prestatu dute egun horretarako Errezilgo Sagarraren Ibilbidean. Bi hitzordu eta elkargune zehaztu dituzte antolatzaileek larunbateko bisita gidatua egiteko: 10:15ean Trintxeran, eta 10:45ean Errezilgo herrigunean. Bi ordu eta erdiko ibilaldian, Errezilgo baserriak eta sagastiak ezagutzeko aukera izango dute bisitariek, gidariaren azalpenekin; Ibarbi sagarrarekin egindako muztioa pintxoekin dastatzeko aukera ere izango dute bisitan zehar.

Ibilaldian parte hartzeko, aurrez izena eman eta txartela erosi beharra dago. 18 urtetik gorakoen txartelak 12,50 euro balio du, 14 eta 17 urte arteko gaztetxoenak 10 euro, eta 4 eta 13 urte arteko umeenak 5 euro. Hitzordua lotzeko, txartelak eskuratzeko edo informazio gehiago lortzeko, info@sagardoa.eus helbide elektronikora idatzi, edo 943-33 68 11 edo 622 61 84 76 telefono zenbakietara deitu behar da.