2023ko udal eta foru hauteskundeak

Iñaki Labaka: "Herrigintza egin behar da, iritziak eta ekarpenak errespetatuz"

Julene Frantzesena 2023ko mai. 12a, 09:00

1995etik 2003ra Errezilgo alkate izana, Iñaki Labaka (Errezil, 1969) berriz aurkeztu da kargu horretara, Errezilgintza taldearen babesean. Herri zerrenda formularen aldekoa da.

Zergatik berriz ere alkategai?

Animatu egin naiz, beti hortxe ibili naizelako, bigarren mailan herrigintzaren alde, Errezilen alde lanean.

Azken agintaldian bi hautetsi izan ditu Errezilgintzak. Zer balorazio egiten duzu jardunaz?

Errezilgintzaren ordezkariak oposizioan aritu dira lanean, eta taldeak aurkeztutako egitasmoetatik hiruzpalau aurrera eraman dituzte. Bi hautetsi horiek herrigintzan aritu dira, gure espirituari jarraituz. Bidelagun izan gara, batetik, pilotalekuko intsonorizazioan, eta berandu bada ere, harmailak lizitatzera atera dituzte. Bestalde, baserri bideetan eta seinaleztapenean bazen egitekorik, eta horretan ere presente egon gara. Errezilgintzak Zelatungo bidea berritzea proposatu zuen, eta kostatuta, baina hobekuntza sakonak izan ditu bide horrek. Dena den, egin den proiektu baten kontra gaude; frontoi pareko aldapan eraiki dute eskailera, errepidearen ondoan, eta gure ustez, hor ez ziren egin behar. 

Errezilen aldaketaren beharra dagoela uste al duzu?

Bai. Herrigintza egin behar da, iritziak eta ekarpenak errespetatuz, eta zentzu horretan, idealena herri zerrenda bat osatzea litzateke. Herrigintzan sekulako garrantzia ematen diegu azpiegiturei eta zerbitzuei, herritarrok horiek behar ditugulako. Kritikoak gara EH Bilduk gauzak motel antzean egiten dituelako. Gainera, udalak zor denak estaltzera jo du, eta gure ustez, diruak ez du egon behar banketxean edo kontu korrontean; baserrian eta kalean egon behar du, inbertsioen beharra duelako Errezilek. 

Zer erronka ditu Errezilek?

Hiru helburu zehaztu ditugu: errezildarron bizimodua erraztea; biztanleria Errezilen finkatzea; eta etorkizunean udal talde independente bakarra osatzea.

Zer proposamen dituzue helburu horiek lortzeko?

Batetik, etxebizitza libreen sustapen publikoa egitea nahi dugu; bestetik, baserrietako ur edangarria eta ur publikoa bermatu; eta horrez gain, elkarlanerako topaguneak bilatu behar ditugu. Bestalde, energia garbiaren aldeko apustua egingo dugu; izan ere, beharrezkoa da kontsumitzen dugunaren zati bat geuk sortzea, komunitateak-eta eratuta. Halaber, baserri lurren mugarriketa digitala egin behar da, Domusa Teknikekin elkarlana estutu, Ibarbi sagarraren lanketa areagotu, jaien aurrekontua handitu... Eta ezin da aipatu gabe utzi hiru eraldaketa datozela: soziala, digitala eta energiarena. Udalera sartzen denak horietara egokitzeko pausoak eman beharko ditu.

UKTren inkestan zerbitzuak mantentzea eskatu zuten herritarrek. Hala egingo al duzue?

Bai. Baserribideak, urari lotutako azpiegiturak, kutxazain automatikoak, mediku zerbitzuak, hirugarren adinekoentzako eta ezinduentzako zerbitzuak, garraio publikoa… Horiek oinarrizkoak dira, eta borrokatu egin behar ditugu. Udala horiek mantentzeko lana egin beharko du.

Harrabotsa sortu du parke eolikoen balizko Piaspe proiektuak eskualdean. Zer iritzi duzu?

Errezilgintzak hausnarketa egina du: energia garbien eta berriztagarrien aldeko apustua egiten dugu. Desinformazio handia daukagu, ez dakigu Piaspek zer onura ekarriko lukeen Errezilera, eta daukagun informazio apur horrekin, proiektuaren aurka gaude. Alkate izan nintzen sasoian egon zen Gazumen halako proiektu bat gauzatzeko nahia, eta orduan Errezilgo Udalbatza guztiak bat egin zuen proiektuaren aurka.

Nolako hautes zerrenda osatu duzue?

Hiru ezaugarri dituzte kideek: administrazio publikoan esperientzia, gaztetasuna eta aniztasuna.

Herritarrek zergatik eman behar diote boza Errezilgintzari?

Esperientzia duelako, eta zerrenda bakar batean biltzearen espiritua delako bidea. Errezilgintzak azpiegituren eta zerbitzuen aldeko apustu irmoa egiten du, indar pixka batekin eta garboarekin, ate joka ibiltzen ohituta baikaude.