Trikiti jaialdia, Errezilera bueltan

Julene Frantzesena 2023ko mai. 19a, 11:06
Errezilgo I. Trikitixa Jaialdiaren une bat, 2019an. (Gaizka PeƱafiel)

Errezilgo Trikiti Eskolako ikasleek antolatuta, trikiti jaialdia egingo dute gaur, 19:30ean, elizako arkupean. Hainbat trikitilari izango dira oholtzan, eta 160 ikus-entzule inguru.

Lau urteko etena eta gero, Errezilera bueltan da trikiti jaialdia. Gaur, trikiti doinuez gozatzeko aukera izango dute herritarrek elizako arkupean, 19:00etan hasita. Egitasmoaren bigarren ediziorako ere jaialdi "ederra" prestatu dute herriko gaztetxo hainbatek; izan ere, agertokian izango dira Joseba Tapia eta Iker Goenaga, Xabi Etxaniz eta Ainara Saizar, Monik eta Eider nahiz Eingo taldea.

2019an egin zuten aurrenekoz Errezilgo Trikitixa Jaialdia, eta orduko hitzordu hark izan zuen arrakasta ikusirik, hurrengo urtean ere saiatu ziren antolatzen. Dena den, pandemiak zapuztu zien asmoa, Manex Torrealdai Errezilgo Trikiti Eskolako irakasleak eta jaialdiaren sustatzaileak azaldu duenez. "Denbora behar izan dugu berriz ere antolakuntza taldea ondo egituratzeko eta gogoa pizteko. Taldea, baina, lanerako prest zegoen, ardurak hartzeko ere bai, eta bigarren edizioa osatzea lortu dugu".

Aurten ere haren ikasleak izan dira jaialdiaren antolaketa prozesuko protagonista, lehen edizio hura antolatzen aritu ziren ikasle berberak, hain zuzen ere. Torrealdaik esan duenez, "oso ondo" erantzun dute. "Jaialdiaren kartela osatzen hastean, zer proposamen dituzten galdetzen diegu ikasleei, eta guk ere egiten ditugu ekarpenak. Lan asko egin dute aurten ere, eta gustura gaude". Lan egiteko jarrerarekin ez ezik, trikiti irakaslea gustura dago osatu duten jaialdiarekin, "interesgarria" iruditzen baitzaio osatu duten zerrenda: "Tapia eta Goenaga, adibidez, bakoitza bere aldetik ikusi izan ditugu. Beraiek esan digute batera aritu ziren azken aldia Mikel Laboaren kontzertu batean izan zela… Bestalde, zonaldeko musikariek aukera izan zezaten nahi genuen: Etxaniz eta Saizar apustu segurua dira, eta denbora da Monik eta Eider agertokian ikusi ez ditudala. Eingo taldea, berriz, izugarrizko lana egiten ari da; eskola ere bada, eta interesgarria da eskola batek bestea gonbidatzea. Gustatzen zaigun eta miresten dugun trikitilariekin osatu dugu kartela".

160 ikus-entzuletik gora

Errezilen halako jaialdi bat antolatzea "azpimarratzekoa" iruditzen zaio trikiti irakasleari, halako egitasmoak herri handietan egiten direlako, oro har. "Oso interesgarria eta polita da horrelako herritxo batean horrelako jaialdi bat antolatzea. Partaideek esan digute ilusioz daudela, eta hori oso polita da".

Lehen edizioa arrakastatsua izan zen, eta bigarrenak ere hala izango den itxura guztia du. Izan ere, Torrealdairen arabera, 160 ikus-entzuletik gora izango dira gaurko jaialdian. "Ondo pasatuko dugula ziur nago, baita oso polita izango dela ere". Herri txikia izanagatik, Errezilen trikitiarekiko zaletasun handia dagoela esan du hark, eta herrian trikitilari eta pandero jotzaile ugari daudela azpimarratu. "Nabaritzen da errezildarrek txikitatik entzuten dutela trikitia eta zaleak direla, hau da, ez dutela trikitia tresna bat gehiago bailitzan hartzen. Trikitiak oso harrera ona du Errezilen, baita bailaran ere, eta poztekoa da zaletasun hori izatea".