Jai giroa eta aldarriak Zelatunen, iraileko azken igandeko erromerian

Andoni Elduaien 2023ko ira. 24a, 19:55

Iraileko azken erromeria egin dute gaur Hernioren magalean, Zelatunen, eguraldi eguzkitsuak lagunduta, eta jendetza bertaratu da. Izer eta Alabier trikitilarien doinu artean,  asko animatu dira dantzatzera. Dantzak ez ezik, aldarriek ere izan dute tarterik: Sañu Bizirik taldeak deituta, mendietan zentral eolikoak eraikitzearen aurkako protesta egin dute.

Erromeria sasoia izan ohi da iraila Hernioren magalean, Zelatunen, eta gaurkoan, eguraldi eguzkitsuak lagunduta, jendetza bertaratu da. Zelatundik Herniora igotzeko ilaran pilaketak, bi bordetan zenbait jaki agortuta... Aspaldi ez bezalako jendetza elkartu da Zelatunen, eta trikiti doinuen artean, giro ederra sortu da. Gaurkoan, Izer eta Alabier trikitilarien txanda izan da, eta haien doinu artean, jende ugari animatu da arin-arinak nahiz fandangoak dantzatzera.

Dantzak ez ezik, aldarriek ere izan dute tarterik gaurkoan. Izan ere, Sañu Bizirik taldeak deituta, mendietan zentral eolikoak eraikitzearen aurkako elkarretaratzea egin dute Zelatunen, 13:00etan. Hainbat lagunek egin dute bat protestarekin, eta proiektu eolikoen aurkako banderak eta pankartak astindu ez ezik, oihu bidez zabaldu dituzte aldarriak lau haizetara.

Erlazionatuak