Errezilgo Udalak ia tasa guztiak %2 igoko ditu datorren urtean

Nerea Uranga 2023ko aza. 16a, 12:41
Errezilgo hilerria. (Gorka Zabaleta)

Urriaren 5ean egindako udalbatzarrean erabaki zituzten datorren urteko ordenamendu fiskalak Errezilgo Udalean. Hilerriko zerbitzuak izango du aldaketa nabarmenena datorren urtean.

Errezilgo Udalean, EH Bilduko ordezkarien aldeko botoekin. 2024an udal tasa ia guztiak %2 igotzea erabaki dute: "Zabor biltzearen, uraren eta ibilgailuen tasak igoko ditugu, baina obra baimenarena bere horretan mantenduko dugu. KPIa goraka doa, eta tasak zerbait igo beharra izan dugu. Horretarako, Gipuzkoako beste herri txikietako kopuruak kontuan hartu ditugu, eta batez besteko bat igoko dugu Errezilen. Beste herriekin alderatuta, erdi parean gaude Errezilen", azaldu du udalaren erabakia Koldo Arzallus alkateak.

Udal zerbitzuen erabilerarako prezioetan ere zenbait aldaketa egitea erabaki dutela adierazi du Errezilgo alkateak. Azken urteetan prezioak igo dituzten kasuetan, ez dituzte igoko prezioak; esaterako, trikiti ikastaroan. Dantzako eta pilateseko ikastaroetako kuotak, ordea, datorren urtean igo egingo dituzte.

Familia ugariei udal tasa eta zerbitzuen prezioetan dagozkien hobariak, berriz, mantendu egingo ditu udalak.

Hilerriko zerbitzua

Datorren urteko Errezilgo udal ordenantza fiskaletan aldaketa nabarmenena hilerriko zerbitzuak izango du, Arzallusek azaldu duenez. "Orain arte, hilerrian hobiratzea herriko aguazilaren eta Azpeitiko hilerriko langilearen artean egiten zuten, baina gertatu izan da hiletaren bat egon eta biak falta izatea. Horri irtenbidea emateko, hilerriko zerbitzurako enpresa bat kontratatu du Errezilgo Udalak". 

Hilerriko zerbitzua kontratatu izanak tasa batzuen aldaketa eragingo du. Alkateak jakinarazi duenez, hilerrian hobiratzearen gastu guztiak hildakoaren familiaren gain ez gelditzeko, hilerriko zerbitzuaren zati bat udalak bere gain hartuko du. "2024tik aurrera izango da era horretan, eta bitartean, orain arte bezala ordainduko da hilerriko zerbitzua".