Abenduaren bigarren astean hasiko dituzte Errezilgo frontoian harmailak jartzeko lanak

Nerea Uranga 2023ko aza. 20a, 08:30
Errezilgo pilotalekua.

Frontoiko harmailak eraikiko dituen enpresa Echaide izango da. Abenduan hasi eta hiru hilabeteko epea izango du obra bukatzeko. Lanek irauten duten bitarterako, pilota eskolakoei irtenbidea aurkituko die udalak.

Errezilgo Udalak bi aldiz atera ditu lehiaketara herriko frontoian harmailak eraikitzeko lanak. Aurreneko aldiz, ekainean atera zuen lehiaketara eta inor ez zen aurkeztu. Bigarren deialdia irailaren erdian egin zuen, obren aurrekontua moldatuta, eta enpresek beren eskaintzak urriaren 5erako aurkeztu behar zituzten. Bigarren aldian bi enpresak aurkeztu dituzte harmailak eraikitzeko eskaintzak. Udalak Echaide enpresari ematea erabaki du eta harekin egin du dagoeneko kontratua. "Baldintza guztiak bete ditu Echaidek, eta aurkeztu den beste enpresak dokumentazioa ez du behar bezala aurkeztu", azaldu du Koldo Arzallus Errezilgo alkateak.

Abenduaren bigarren astean hasiko dira frontoian harmailak eraikitzen, eta hiru hilabeteko epean bukatu beharko dituzte. Hiru maila izango ditu harmailak, bat jendearen pasorako eta beste bi esertzeko. "Une batzuetan frontoia guztiz hartuko dute lanak egiteko, baina ahal duten guztietan haurrek jolasteko tokia libre utziko dute", azaldu du Arzallusek.

Errezilgo pilota eskola

Asteartero pilota eskolakoek erabiltzen dute frontoia, eta egun pilotan haur ugari dabilela azaldu du alkateak: "23 haur dabiltza eta bi lagun ari dira pilotan irakasten". Frontoian obrak hasten direnerako pilota eskolak aurrera jarrai dezan irtenbidea aurkitzen saiatuko da Errezilgo Udala. "Pilota eskolaren arduradunekin hitz egin behar dugu, eta aztertuko dugu pilota eskolak Bidania-Goiatzean edota Azpeitian emango ditugu. Hori guztia ondo aztertu beharra dugu, ezin dugulako utzi pilota eskola bertan behera".