Getariako Udal Gobernuak datorren urteko aurrekontua osatzeko proposamenak plazaratu ditu

Maria Maya Manterola 2022ko aza. 4a, 16:11

Udalak Potzuagan duen lokalean etxe tutelatu bat egiteko proposamena egin du. 'Guztiok 1' parte hartze prozesuko nahiz auzoko bilkuretan jasotako ekarpenak aintzat izan dituzte, iragarri dutenez.

Azaroaren 29ko plenoan emango diote onarpena datorren urteko aurrekontuari, baina Getariako Udal Gobernuak dagoeneko jakinarazi ditu inbertsio nagusiak. EH Bilduren udal taldeak azaldu duenez, egitasmo propioez gain, aurrekontu parte hartzaileko ekarpenak, eskolako haurren eskakizunak nahiz auzoko bilkuretan jasotako proposamenak izan dituzte oinarri inbertsio horiek zehazterako orduan. 

Iragarritakoaren arabera, handitu egin da herritarren ongizatera bideratutako diru kopura aurtengoaren aldean. Potzuagan udalak duen lokalean, esaterako, 65 urtetik gorako herritarrentzako bi logelako etxe tutelatua eraikiko da, eta, horretarako, 130.000 euroko inbertsioa egingo dute. Gizarte Larrialdietako laguntzetara ere 50.000 euro bideratuko dituzte -iaz baino 15.000 euro gehiago-, eta "gehien behar duten herritarrei laguntzeko", berriz, 10.000 euroko laguntza berria sortuko dute. 

Dirulaguntzen plan estrategikoa berrituko denez, gainera, 10.000 euro gehiago jarriko dituzte herriko entitateen artean banatzeko, hartara, herriko kultura eta kirol dimanikak indartzeko eta sustatzeko. Bestetik, nazioarteko lehiaketetan jarduteko aukera duten herriko kirolariei laguntzeko 3.000 euro gordeko dituzte, eta kopuru bera bideratuko dute Adinbizi programari jarraipena eman eta adinekoen artean kirola sustatzeko. 

Hirigintza arloan, bestalde, Bistaonako parkeko hobekuntza lanetara bideratuko dute diru kopuru handiena, 120.000 euro, hain zuzen. Kiroldegian crossfit gune berria ezartzeko gordeko dituzte 40.000 euro, eta Askizun komun publikoak eraikitzeko, 30.000 euro. San Anton mendian haurrentzako jolas gunea sortzeko asmoa ere badu Udal Gobernuak, eta 15.000 euroko inbertsioa egitea aurreikusi dute eraikuntza lanetarako. Orain artean bezala, herri bdeak hobetzen jarraitu nahi dute, eta 20.000 euro ezarriko dituzte horreatarako; era berean, beste 35.000 euro jarriko dituzte herriguneko hainbat gune konpontzeko. Kiroldegian ezarri nahi duten estalpearen exekuzio proiektua idaztera bideratuko dituzte, azkenik, 18.150 euro. 

Trantsizio ekologikoan aurrera

Aurten hasitako bideari segika, trantsizio energetikoan eta ekologikoan urratsak ematen jarraitzeko 80.000 euro jarriko ditu udalak. Argiteria publikoa LEDetara aldatzeko, moto elektrikoa erosteko, eta zuhaitzak landatu eta eremu berdeak sortuz joateko baliatuko dute diru kopuru hori, aurreratutakoaren arabera. 

Berdintasun Planean jasotzen diren esku hartzeak garatzeko, gainera, 10.000 euroko ekarpena egingo dute. Herriko emakumeek herriaren historian egin duten ekarpena biltzeko ikerketa egingo da, jakinarazitakoaren arabera. Euskara sustatzeko, berriz, 12.000 euro bideratuko ditu, iaz baino 2.000 euro gehiago.

Turismoaren inguruko hausnarketa egin eta eredu propio, eraldatzaile eta aktiboaren errelatoa idazteko, gainera, 18.150 euroko ekarpen ekonomikoa egingo du udalak. Portuko eremuan hainbat egitasmo gauzatzeko 200.000 euroko inbertsioa egingo dute, bestalde, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean. Herriguneko magalen egoera aztertu eta haien hobekuntza-proposamenak jasoko dituen proiektua idaztea izango da lehentasunetako bat

Bestelako diru partidak ere jasoko ditu 2023ko aurrekontu proposamenak, hala nola, 8.000 euro 1911n Getariak irabazitako Kontxako bandera berreskuratzeko, 5.000 euro hainbat dibulgazio-lan laguntzeko, 6.000 euro, Getariako Curriculuma idazten jarraitzeko, eta 1.497.000 euro diruz lagunduko diren Zarautz Jauregiko obrak finantzatzeko.