2023ko udal eta foru hauteskundeak

Haritz Alberdi alkatea izango da berriz ere EH Bilduren Getariako alkategaia

Onintza Lete Arrieta 2022ko aza. 10a, 16:00
Aritz Alberdi.

Botoa eman duten militante guztien babesa jaso du Alberdik 2023ko maiatzean egingo diren udal hauteskundeetan bera izateko hautagaia. Koalizioak jakinarazi du abendutik otsailera herritarren iritziak jaso nahi dituela, ondoren horretan oinarrituta osatzeko udal hauteskundeetarako programa.

Getariako EH Bildu egun hauetan elkartu da militanteekin amaitzear den agintaldiaren balorazioa egiteko eta denen artean hurrengo udal hauteskundeetarako hautagaia erabakitzeko –2023ko maiatzean izango dira foru eta udal hauteskundeak–. Koalizioak prentsa ohar bidez jakitera eman du militante guztiek Haritz Alberdi egungo alkatearen aldeko botoa eman dutela, eta beraz, %100aren babesarekin, Alberdi izango da berriz ere EH Bilduren Getariako alkategaia.

Koalizioak azpimarratu du "militanteek modu oso onean baloratu" dutela agintaldian zehar Alberdik egindako lana, eta Alberdik berak azaldu du agintaldiko erronka nagusiak COVID-19ak eragindako pandemia egoki kudeatzea eta Elkanoren 500. urteurrena izan direla. "Lehenbizikoari dagokionez, une oro herritarren beharrak erdigunean jarriz kudeatu du Udalak egoera. Bestalde, Mundubiraren urteurrenari dagokionez, herritarren parte-hartzea oinarri hartuz heldu zaio gaiari, eta parte-hartze horretatik ateratako ondorioek zehaztu dute egin beharreko bidea", iritzi dio.

Aurrera begira, berriz, erronka inportanteenak eragingo dituen gaiak zerrendatu ditu alkateak: besteak beste, getariar guztiek beren bizi proiektua Getarian egiteko baldintzak ezartzea; etxebizitza arloa (gazteei begirakoa, bereziki); ingurumena eta energia berriztagarriak; irisgarritasuna; eta adinekoen zaintza.

Abendutik otsailera, iritziak biltzen

Azkenik, EH Bilduk jakinarazi du abendutik otsailera bitartean herritarren iritziak entzuteko jarduerak antolatuko dituela, iritzi horietatik abiatuta osatzeko udal hauteskundeetarako herri programa.

Horregatik, herritar guztiak animatu ditu ariketa horretan parte hartzera.