Arraunari omen egingo diote asteburu honetan Getarian

Onintza Lete Arrieta 2022ko aza. 17a, 10:42
Getariako Arraun Elkarteko zaletuak, Kontxako bigarren jardunaldian, Donostiako arranplan. (Arnaitz Rubio Aprea)

"Arraun denboraldia borobiltzeko" Arraun Asteburua antolatu dute Getariako Arraun Elkarteak eta udalak. Larunbatean klubeko hamalau kide omenduko dituzte, eta bazkaritan elkartuko dira ehundik gora lagun. Igandean, berriz, Esperantzaren fruituak ikus-entzunezkoa estreinatuko dute. UKTk ondu du lana, udalaren babesarekin.

Getarian Arraun Asteburua ospatuko dute larunbat eta igande honetan "arraun denboraldia borobiltzeko". Getariako Arraun Elkarteak eta udalak antolatu dituzte ekitaldiak, eta Xabier Goikoetxea klubeko presidenteak azaldu duenez, pandemia aurretik bururatu zitzaien klubeko kide batzuei elkarteko aitzindariak omentzea. COVID-19ak eragindako osasun krisia sortu zen gero, ordea. Ondoren, berriz, taldea Eusko Label Ligara sailkatu zen, eta buru-belarri ibili dira denboraldian ahalik lan onena egiten. "Egindako denboraldi bikaina eta gero, olatuari helduz, orain zen momentua Arraun Asteburua egiteko", esan du Goikoetxeak.

Asteburu berezia larunbat eguerdian hasiko da, eskertza ekitaldiarekin. Udaletxean omenduko dituzte klubaren ibilbidean aitzindari izandako hamalau lagun, eta 12:00etan jarri dute hitzordua. Ondoren, bazkaria egingo dute Berdura Plazan. Arraunean ibilitako orok zeukan izena ematea, eta ehun lagun inguru izango dira bazkaritan.

Goikoetxeak berak ere "eskerrak" eman nahi dizkie "honen guztiaren hazia izan diren denei".

'Esperantzaren fruituak' ikus-entzunezkoaren estreinaldia

Hurrengo egunean, igandean, berrehun herritar baino gehiago elkartuko dira 19:00etan Iturzaeta aretoan, Urolako Komunikazio Taldeak (UKT) egin duen Esperantzaren fruituak ikus-entzunezkoa ikusteko. Estreinaldia izango da, eta Julen Imaz UKTko kide eta dokumentalaren zuzendariak aurreratu duenez, "klubarekin lotutako hogeita sei pertsona agertuko dira bertan, bai gaur egun arraun elkartean daudenak –arraunlariak, entrenatzailea, presidentea, zuzendaritzako kideak...– bai elkartean ibilitako asko, tartean sortzaileak". 90 minutuko iraupena du lanak, eta Getariako Udalaren babesarekin ekoitizi da.

Ikus-entzunezkoa ikusteko gonbidapenak eskuragarri egon dira Turismo Bulegoan, baina agortuta daudela jakinarazi dute.