Alkate Txikiak inauguratuko du Getariako haur eskolako atari berria

Onintza Lete Arrieta 2022ko aza. 17a, 12:04
Getariako Alkate Txiki Egun bateko irudia. (Hitza)

Alkate Txiki Eguna ospatuko dute getariarrek asteburuan, eta hainbat ekitaldi antolatu ditu Tonpe Getariako Guraso Elkartea eta Lagunak elkarteak. Urteroko aginte hartzea eta udalbatzar txikia larunbat arratsaldean izango da.

Getariako haurrek herriko agintarien papera hartuko dute asteburu honetan. Izan ere, Alkate Txiki Eguna antolatu du Tonpe Getariako Guraso Elkartea eta Lagunak elkarteak, eta askotariko ekitaldiak egingo dituzte. Dena den, guztietatik bi nabarmendu behar dira: larunbat arratsaldeko aginte hartzea eta udalbatzarra, eta igande goizeko ekitaldia; Alkate Txikiak inauguratuko du, izan ere, haur eskolaren atari berria.

Asteburua, ordea, aisialdiari lotutako ekintzekin hasiko da. Hala, Txomorro Magoa izango da Iturzaeta aretoan larunbatean 17:30etik 18:30era. Ondoren, kalejiran jaitsiko dira herrigunera denak, eta 19:00etan, udaletxeko balkoian, agintea hartuko dute Alkate Txikiak eta Udalbatza txikiak, eta udalbatzarra egingo dute.

Ekitaldi horren ondoren, berriro jai giroa nagusituko da, kalez kale buruhandiak ibiliko baitira, Gazte Alaiak txistulari taldeak lagunduta.

Eguna amaitzeko, afaria eta musika festa egingo dituzte Berdura Plazan.

Igandean, berriz, haur eskolaren atari berria inauguratuko dute, eta ekitaldian izango dira Alkate Txikia eta beste haurrak. Azkenik, hamaiketakoa eginez amaituko dute herriko umeek beren jaia.