Getariako haur eskolako patioaren inaugurazio ofiziala egin dute

Duela hilabete batzuk gauzatu zituzten Getariako Katxapo haur eskolako patioa berritzeko lanak, baina inaugurazio ekitaldia gaur goizean egin dute. Han izan dira, besteak beste, Haritz Alberdi Getariako alkatea, Orkatz asteburu honeta herriko aginte makila duen alkate txikia, Iker Arruti haur eskolako hezitzailea eta herriko hainbat haur.

Atzo Alkate Txiki Eguna ospatu zuten Getarian, eta asteburu honetan, Orkatz alkate txikiak du herriko aginte makila. Atzo arratsaldean udalbatzarra gidatu zuen udaletxeko pleno aretoan, gero afaria egin zuten, eta gaur goizean, agintaldiari bukaera emateko, Katxapo haur eskolako patioaren inaugurazio ekitaldia ofiziala egin dute. Alkate txikiaz gain, han izan dira bere zinegotzi taldea, Haritz Alberdi Getariako alkatea, Iker Arruti haur eskolako hezitzailea eta herriko hainbat haur ere. Zinta moztu aurretik, Gure Txeru dantza taldeko kide batzuek aurreskua egin dute. Ekitaldiari hamaiketakoarekin eman diote bukaera.