Zarautz jauregi eraberrituan mundu birari buruzko museoa jarriko dute

Aritz Mutiozabal 2022ko aza. 25a, 12:10
Markel Olano, Haritz Alberdi eta Bingen Zupiria, atzo, Zarautz jauregiaren aurrean. (Aritz Mutiozabal)

Getariako Udala, Aldundia eta Jaurlaritzaren arteko lankidetzaren fruitua da proiektua. Birgaitze lanek 3,6 milioi euroko kostua izango dute, eta laguntza jasoko du Europatik.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Bingen Zupiriak, Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok eta Getariako alkate Haritz Alberdik agerraldi publikoa egin zuten atzo Getariako udalbatzar aretoan, hiru erakundeek elkarlanean garatuko duten proiektuaren berri emateko: alde batetik, Zarautz jauregiaren eraberritze arkitektonikoa eta, bestetik, eraikinari emango dioten Juan Sebastian Elkano eta mundu biraren inguruko izaera museografikoa, hain zuzen ere.

Horretarako lankidentza hitzarmena aurki sinatuko dute hiru erakundeek: eraikinaren birgaitze lanek 3.600.000 euroko kostua izango dute, eta Aldundia eta Jaurlaritza egingo dira horren kargu, erdibana. Museoko jardueren zenbatekoez, berriz, hiru erakundeak arduratuko dira. Bestalde, Europako Batasuneko Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia-Next Generation planeko funtsetik 796.727 euroko laguntza jasoko dute.

Zarautz jauregiak zaharberritze integrala behar du; hau da horma egiturak finkatzea, estalkia berrezartzea eta barne espazioa erabat egokitzea. Arkitektura aldetik eginiko proposamenari dagokionez, lau solairutan banatuko lukete eraikin berritua: beheko solairuan Turismo Bulegoa egongo litzateke; lehen, bigarren, eta hirugarren solairuetan museoko gelak; eta laugarrenean herritarrentzat bideratuko den erabilera anitzeko espazio bat atonduko lukete. Museoarekin, azken finean, mundu biraren espazioa modu didaktikoan eta erakargarrian azaltzea dute xede.

"Getariarrak sorionekuak gara jarduera honekin", nabarmendu zuen alkateak. Azaldu zuenez, 2019an ekin zoten "gure historiaren pasarte garrantzitsu bat arakatzeari", gizakiak munduari bira ematen zion lehen aldiaren bosgarren mendeurrena hasten zelako. "Aukera hori baliatu genuen, bazelako garaia gure historian sakontzeko. Eta 2019an ere hasi ginen landuko zen gure ezagutza hori mundura zabalduko lukeen espazioaren lanketa egiten, espazioak zer izan behar zuen erabakitzen, oinarrizko proiektua idazten eta konpromisoak hartzen", gogora ekarri zuen Alberdik. 

Horren guztiaren emaitza izan da Zarautz jauregia, eta alkateak argi du zertarako: "Eraikin historikoa zahaberritzera goaz, balioa emanez jauregiari berari, inguru paregabe hori jantziz eta goxatuz, edukiz betez eta erabilpen ireki nahiz publikoa emanez". Zarautz jauregiko eraberritze arkitektonikoarekin eta bertan jasoko denarekin euskal gizarteari «legatu oso interesgarria» utziko zaiola iritzi dio Alberdik: "Euskal Herrian kontuan hartu beharreko erreferentea".

Ondare historikoa

Bingen Zupiriak argudiatu zuen Getariak "pisuzko bi arrazoi" dituela zorioneko izateko: bata, Kristobal Balentziaga, eta bestea, Juan Sebastian Elkano. Biak ala biak mundu mailako sona dutenak direlako: "Ez dago dudarik Balentziaga Museoaren eskutik, eta 2024tik aurrera, Zarautz jauregiaren eskutik aurrerapauso handi bat emango dugula bide horretan".

Aldundia, Jaurlaritza eta Getariako udalaren elkarlan estuaren emaitza izan da proiektu hau, Jaurlaritzako sailburuaren esanetan. "Ondare historiko-kulturala erreferentea izango da gure erkidegoan. Gainera, egingo diren birgaitze lanak oso txukunak bezain exigenteak izango dira, garai haietan eraikin horrek eduki zitzakeen elementuak errespetatzeko; besteak beste, teilatuaren forma edo etxearen beraren egitura".

Gipuzkoako diputatu nagusiak, bere aldetik, aitortu zuen «etorkizuna eta proiekzioa» ikusi ziotela proiektuari hasiera-hasieratik. Aldundiarentzat Elkano, Loiolako San Inazio bezala, Gipuzkoako figura nagusi bat izan dela azpimarratu zuen. "Proiektu honekin, era didaktiko batean, gure izaeraren berri emango diegu bai bertakoei eta bai kanpotik datozenei", aditzera eman zuen. Gainera, une egokian datorrela iritzi zion, mundu biraren bosgarren urteurrena bete berri den honetan, "ondare" moduan. "Hurrengo belaunaldiek zer izan garen eta zer izan nahi dugu jakin dezaten".