'Esperantzaren fruituak' dokumentala

Aitortza bat eta ikusmin handia

Onintza Lete Arrieta 2022ko aza. 26a, 08:00
Herritarrek adi-adi jarraitu zuten momentu hunkigarriak nahiz umoretsuak tartekatzen dituen lana. (Onintza Lete Arrieta/UKT)

Aurreko igandean estreinatu zuten Iturzaeta aretoan herriko arraun taldeak egin duen denboraldiari eta klubari buruzko Esperantzaren fruituak dokumentala, berrehun lagunen aurrean. Bihar, berriz, dokumentala Erlo Telebistan nahiz webgune honetan ikusteko aukera izango da. Urolako Komunikazio Taldeak (UKT) ondu du ikus-entzunezkoa, Getariako Udalaren babesarekin.

"Hau berriz ikusteagatik... Erosi eta etxean gorde nahi nuke". Horixe esanez atera zen igande iluntzean Getariako Iturzaeta aretotik adineko getariar bat. Antzeko komentarioa egin zuen beste herritar batek. Esperantzaren fruituak dokumentalaren estreinaldian izan ziren 200 herritarretako bi ziren. 

Urolako Komunikazio Taldeak (UKT) Getariako Udalaren babesarekin egin du herriko arraun taldearen aurtengo denboraldiari buruzko dokumentala. 90 minutuko iraupena duen lana, ordea, ez da mugatu Esperantza trainerua lehen aldiz Eusko Label ligara igo izana kontatzera. Getariako Arraun Elkartearen hastapenetara ere jo du, aurten egindakoak duen meritua argiago erakusteko, eta guztira hogeita sei gizon-emakumeren testigantzek lagundu dute klubaren istorioa josten.

Lana luzea izanagatik, atentzio handiarekin jarraitu zuten hasieratik bukaerara ikusleek, eta aldizkako barre algarek eta emozioak eragindako mukizapi soinuek bakarrik hautsi zuten isiltasuna.

Ezkerretik hasita, Xabier Goikoetxea Getariako Arraun Elkarteko presidentea, Ekaitz Esteban Kirol zinegotzia, Felix Aizpurua UKTko langilea eta ekitaldiaren aurkezlea, eta Julen Imaz, UKTko ikus-entzunezkoen zuzendaria eta dokumentalaren egilea. (Onintza Lete Arrieta/UKT)


Saioa Felix Aizpurua UKTko langile eta arraunzaleak aurkeztu zuen, eta ondoan izan zituen Ekaitz Esteban Kirol zinegotzia, Xabier Goikoetxea Getariako Arraun Elkarteko presidentea eta Julen Imaz UKTko ikus-entzunezkoen zuzendaria eta dokumentalaren egilea. Galdera banari erantzun ondoren hasi zen dokumental emanaldia.

Esperantzaren fruituak dokumentala bihar, igandea, estreinatuko da telebistan nahiz sarean. Izan ere, udalak eta UKTk egun horretan jarriko dute ikusgai lana webgune honetan bertan nahiz udalaren atarian, hau da, Getaria.eus-en.

Dokumentala telebistaz ikustea nahiago duenak, berriz, Erlo Telebistan izango du horretarako aukera, 21:30ean hasita.

Bestalde, udalak aurreratu du dokumentala euskarri fisikoan herritarren eskura jartzeko lanean ari dela, eta bere nahia da Gabonetarako prest egotea herriko arraunzaleentzat opari politena izan daitekeen lan hori. Hala, laster emango ditu zehaztapen gehiago ikus-entzunezkoa eskuratzeko moduaz.