'Esperantzaren fruituak' dokumentala

"Saiatu naiz ulertarazten Getariako Arraun Elkartearen lorpena zergatik izan den hain garrantzitsua"

Onintza Lete Arrieta 2022ko aza. 26a, 07:55
Julen Imaz. (Utzitakoa)

Julen Imaz (Pasaia, Gipuzkoa, 1986) Urolako Komunikazio Taldeko (UKT) telebista zuzendariak urte askotako esperientzia du ikus-entzunezkoen munduan, baina aurreneko aldiz zuzendu du Esperantzaren fruituak dokumentala bezalako lan mardul bat. Mimo handiz eta gustura egin duela aitortu du. 90 minutuko ikus-entzunezkoan Getariako Arraun Elkartearen aurtengo denboraldia ez ezik, klubaren ibilbidea era jasota gelditu da.

Laurogeita hamar minutuko dokumentala egin duzu, hogeita sei pertsonaren testigantzak jasota eta Getariako arraun taldearen aurtengo denboraldiaren jarraipena eginda. Horiek izan dira gidoia josteko ardatzak?

Hasiera batean gure asmoa zen getariarrek aurreneko aldiz Eusko Label ligan jokatuko zuten Bilboko estropada hura bideoz jasotzea, baita herrian jokatuko zutena ere. Gero, ordea, herritarrekin hizketan hasita, klubaren hastapenetako kontuak atera ziren, eta istorio mordoa. Klubaren ibilbidean batek eta besteak egindako lana ere askotan aipatzen zuten, eta horri gehitu behar zaio denboraldi oso ona egiten hasi zela taldea, Kontxara sailkatzeraino. Beraz, hasierako asmo guztia hankaz gora joan zen, eta dimentsio handiagoa hartu zuen denak. Gidoia, azken batean, sortu da jasotako testigantza guztien eta denboraldian zehar hartutako irudi eta momentu guztien arabera. Istorio, momentu eta testigantza horiek izan dira ardatza.

Bereziki zerbait erakutsi nahi izan duzu ikus-entzunezkoan?

Bada, saiatu naiz ulertarazten zergatik izan den hain garrantzitsua Getariako Arraun Elkarteak aurten lortu duena, eta horretarako, atzera begira jarri gara, sorrerako lehen urte haietara, eta izan duen ibilbide guztia errepasatu da, erakusteko benetan aurtengoa urte askotako lanaren fruitua izan dela, eta ez dela izan kasualitatea.

Dokumentalak, alde batetik, dokumentazio lan oso zehatza eskaintzen du; eta, bestetik, momentu oso hunkigarriak ditu, baita umore ukituak ere.

Dokumentaleko protagonistek askotan esaten zuten momentu oso politak bizi izan dituztela, baina baita oso gogorrak ere, eta dokumentalean ere hori adierazi nahi izan dut. Momentu gogorren artean, Andoni [Galarraga] galdu zutenekoa dago, eta askotan negarrez ikusiko ditugu ikus-entzunezkoko protagonistak. Bestalde, poza eta umorea ere badago dokumentalean, klubaren ibilbidean hori ere egon delako. Gainera, hainbeste momentu hunkigarri egonda, uste dut ikusleak eskertzen duela tarteka umore ukituak egotea ere.

Esan duzu urte askotako lanaren emaitza izan dela hau, eta dokumentalari jarritako izenburuan ere hori islatu da.

Bai. Gainera, hasieratik ikusi nuen oso argi. Ez nekien azkenean izenburu hori izango zuen ala ez, baina azken batean, orain bizi dutena horixe da: fruituak jasotzeko garaia da. Urte askoan egon dira fruitu horien zain, 
esperantzarekin, eta traineruak ere izen horixe duenez, segituan bururatu zitzaidan izenburua.

Aurreko igandean estreinatu zen lana goraino betetako Iturzaeta aretoan. Zer feedback jaso zenuen?  

Estreinaildira joan zirenak, behintzat, oso eskertuta zeuden. Batez ere, hori sentitu nuen. Asko esaten zuten beraientzat aitortza moduko bat izan dela hau eta pozgarria dela halako dokumentu batean jasota gelditzea klubarentzat eta herritarrentzat aurtengoak esan nahi izan duen guztia. Gainera, batek esan zidan oso ondo islatu dugula Getaria zer den, eta hori entzutea garrantzitsua iruditu zait. Horregatik dago hainbeste 
emozio ere dokumentalean, herritar askoren bizitzako parte garrantzitsua delako arraun elkartea; horientzat, urteak lanean aritu direnentzat, zahartzarora iritsi eta aurtengo denboraldia bizitzea izan da puntu gorena; konpentsazio bat eta opari bat, nolabait esateko. Alde horretatik, feedback oso ona jaso nuen. Gainera, beraientzat egindako zerbait izan da lan hau. 

Zeu, pertsonalki, aurreneko aldiz aritu zara dokumental bat zuzentzen eta editatzen. 

Bai, dimentsio hauetako lanik ez nuen egin orain arte. Bildutako material guztiarekin hutsetik hasita egin dut lan: hogeita sei testigantza, urteetako artxibo irudiak eta denboraldi osoko irudiak hartu eta horri forma ematen hastea nahiko erronka gogorra eta berria izan da niretzat. Bestalde, oso atsegina izan da: testigantza oso politak eman dizkigute eta dena kontatu digute; negar egin dute eta barre egin dute. Gainera, arraun klubak erraztasun eta laguntza asko eman dizkigu. Gai oso polita da, eta jende horrek bihotzetik  hitz egin du; beraz, oso polita izan da. 

Gainera, emaitzek ere lagundu dute...

Tira, nik uste denboraldi txarra egin izan balute ere dokumentalak izango lukeela zer goraipatua, horrenbeste urteren ostean gorengo mailara iristea badelako ospatzekoa. Baina, gainera, egin duten denboraldia eginda... Alde horretatik, zortea izan dugu.