Ostiraletik igandera hainbat ekitaldi egingo dituzte Getarian Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko

Onintza Lete Arrieta 2022ko aza. 30a, 09:31
Motx pailazoa. (Utzitakoa)

Larunbat honetan da Abenduaren 3a, Euskararen Eguna, eta herriko hainbat eragilek antolatu dituzte datozen egunetarako ekitaldiak. Kalejirak eta  ume zein helduentzako ikuskizunak egongo dira, eta musikak ere protagonismo handia izango du.

Badator Euskararen Eguna. Etzi, ostirala, amaituko da Euskaraldia, eta hurrengo egunean, larunbatean, izango da Abenduaren 3a, Euskararen Eguna. Egun hori dela eta, Getariako hainbat eragilek antolatu dituzte ekintzak astebururako.

Iturzaeta Herri Eskola izango da eguna ospatzen aurrena. Ostiralean egingo ditu ekintzak, izan ere.

Honakoa da egitarau osoa:

Abenduak 2, ostirala:

  • 15:00. HHko ikasleak frontoira abiatuko dira.
  • 15:15. LHko ikasleak frontoira abiatuko dira trikitilari eta pandero-joleekin batera.
  • 15:30. Ekitaldiaren hasiera: LH6ko ikasleen aurkezpena eta bertsoak.
  • 15:40. Abestiak eta dantza: Behin betiko, Euskara plazara, Euskararen txantxangorria, Ahoa bizi eta belarriak prest. Jaialdia amaitzeko, Esazazu hitz bat, aurtengo euskaraldiko abestia abestu eta dantzatuko  dute.
  • 15:50. Muxikoak, fandango eta arin-arinak...

Abenduak 3, larunbata, Euskararen Nazioarteko Eguna:

  • 12:30. Plazan, Kantujira Getariako Salbatore Abesbatzako lagunekin. Kantujirako entseguak gaur, asteazkena, eta etzi, ostirala, izango dira, 19:30ean eta 20:30ean, hurrenez hurren, Berdura Plazan.
  • 18:00. Motx pailazoaren Pozaren Parkean ikuskizuna. Berdura Plazan.
  • Ondoren. Getariako buruhandiak kalez kale.

Abenduak 4, igandea:

  • 19:00. Bibitxa 2.0 ikuskizuna Ainhoa Etxebarria eta Nerea Gartziarekin. Dantza, inprobisazioa eta umorea uztartuko dituzte saioan. Iturzaeta aretoan. Sarrerak bost euro balio ditu, eta salgai dago gaurtik aurrera Turismo Bulegoan.