Getariako Udalbatzak aho batez onartu ditu 2023ko udal aurrekontuak

Onintza Lete Arrieta 2022ko abe. 1a, 12:27
Getariako udaletxea eta plaza. (Onintza Lete Arrieta)

Getariako Udalak 5,8 milioi euroko aurrekontua izango du datorren urtean. Aste honetan egin dute udalbatzarra, eta EAJ alderdiak bat egin du EH Bilduren proposamenarekin.

Getariako Udalbatzak aho batez onartu ditu 2023rako udal aurrekontuak astearte iluntzean egindako udalbatzarrean. 5,8 milioi euroko aurrekontua izango du Getariako Udalak datorren urtean, eta oposizioan dagoen EAJren baiezkoa jaso du proposamenak.

Haritz Alberdi alkatea gustura dago aurrekontuak aho batez onartu direlako: "Aurrekontuak aho batez onartu izanak poz handia sortu dit. Alde batetik, adostasun horrek herriari norabide bat marrazten diolako; elkarlanean eta elkarrekin egingo dugun bidea. Eta, bestetik, zer garenaren eta agintaldi osoan zertan saiatu garenaren adibide garbia delako. Hau da, guztion arteko elkarrizketa, elkar-ulermena, malgutasuna etab. sustatu eta elikatzearen aldekoak". 

Gastu eta inbertsioei dagokienez, 1,4 milioi euro pertsonal gastuentzat izango dira, eta inbertsioen kapituluan 2,2 milioi euro aurreikusi dituzte, horietatik 1,4 milioi Zarautz Jauregiarentzat.

Berritasunen artean, euskara sustatzeko partida jaso dutela aurtengoan, 12.000 eurokoa.

Udalak sarreren eta gastuen kapituluak oso-osorik jarri ditu ikusgai Getaria.eus webgunean. Hauek dira gastuetako batzuk:

  • Etxez etxeko laguntza zerbitzua: 102.000 euro.
  • Salbatore jaiak: 65.000 euro.
  • Musika Eskola: 110.000 euro.
  • Kultur entitateentzat: 76.000 euro.
  • Hondartzetako Zaintza eta Sorospen Portuko TAO zerbitzua: 137.000 euro.
  • Gizarte beharrizan laguntzak: 50.000 euro. Larritasun kasu berezientzat 2.500 euro, gazteen alokairurako 9.000 euro eta gai humanitario eta gizarte ekintzarako 18.000 euro.
  • Berdintasun plana garatzeko 10.000 euro eta indarkeria matxistaren aurka egiteko 6.000 euro.
  • Turismo eredua lantzeko: 18.000 euro.
  • Euskara sustatzeko: 12.000 euro. (Ohiko laguntzez gain). Entitateen hitzarmenetarako, berriz, 10.000 euro.

Inbertsioei dagokienez, berriz, nagusiena Zarautz Jauregiarena izango da, 1,4 milioi euro aurreikusi baitira harako. Bestelakoan, hauek azpimarra daitezke:

  • Bista Ona eremua hobetzeko: 80.000 euro.
  • 65 urtetik goraentzako etxe tutelaturako: 130.000 euro.
  • Askizun komun publikoak egiteko: 30.000 euro.
  • Trantsizio energetikorako eta moto elektriko kabinatuarentzat: 60.000 eta 18.000 euro.
  • Portu eremuko jarduerentzat: 200.000 euro.
  • Hainbat proiektu idazteko: 98.000 euro. Besteak beste, Hirigintza Antolaketarako Plan Orokorrarentzat 50.000 euro eta kiroldegiko estalpearen exekuzio proiektua idazteko 18.000 euro.

EAJk udalbatzarra egin baino egun batzuk lehenago jakinarazi zuen Udal Gobernuari hainbat proposamen egin zizkiola horrek aurrekontuen proiektuan txertatzeko, guztira 199.000 euroko diru partida osatuz. EAJk esan zuen bere proposamen guztiak "EAJk 2019-23 agintaldirako hauteskunde programan jarritako egitasmoak" direla.

Guztira hamalau proposamen egin dizkio alderdiak Udal Gobernuari, besteak beste kiroldegiak eguzki plakak jartzea, Aldamar parkean komun publikoak jartzea, Balentziaga kalean egokitzapen lanak egitea, udalaren eraikinaren irrisgarritasuna bermatzea eta autobus geltokia eta azpiko lokalak egokitzea, eta gutxienez azken hiru proposamen horiek txertatu ditu EH Bilduk aurrekontuan.