Getarian emanaldi berezia prestatzen ari dira Etxekopar, Galtxetaburu, Laskarai eta Vissler

Onintza Lete Arrieta 2022ko abe. 6a, 16:00
Mixel Etxekopar. (Barren.eus)

Ostegunetik herrian ibiliko dira Mixel Etxekopar, Jean-Christian Galtxetaburu, Patxi Laskarai eta Pierre Vissler artistak, larunbatean Zuek heben saioa eskaintzeko herritarrekin hitz egin eta haiek behatu ondoren. Emanaldia Berdura Plazan izango da.

Zuek heben. Euskal Herriko atlas geopolitikoa emanaldia eskainiko dute larunbat honetan Mixel Etxekopar, Jean-Christian Galtxetaburu, Patxi Laskarai eta Pierre Vissler artistek Getarian. Berdura Plazan izango da emanaldia, 19:00etan.

Saio berezia izango da hitzak, musika, argazkiak eta soinua uztartuta, eta emanaldia prestatzeko, ostegunetik herriko kaleetan ibiliko dira getariarrekin hizketan eta haiek behatuz.

Artistek beren asmoak honela azaldu dituzte: "Euskal Herriak, edo hobeki erran, euskal herriek eta herri-aldeek badute berez izen eta izana. Bakotxari zerk emaiten dio nortasun berezia? Errekako urak, duda gabe. Baina gehiago bizizaleek eta jende hauen eleek, mintzairak eta euskalkiak… Herrian ibiliko dira lau lagunak Getariaren euskararen behatzen, jendeekilan kalakan, argazki hartzen: Gamarteko akordeonista, Gotaintar soinularia, Donibane Lohitzuneko argazkilaria eta Montoriko soinu biltzailea".

Emanaldian beren kantuak eta musika eskainiko dituzte, "baita Getarian bildutako jendeen botzak, soinuak eta argazkiak ere".