Iosu Mugika izango da Getariako EAJren alkategaia 2023ko udal hauteskundeetan

Onintza Lete Arrieta 2022ko abe. 19a, 09:56
Iosu Mugika eta Aitor Urresti Getariako EAJren udal ordezkariak. (Getariako EAJ)

Udalean zinegotzia da gaur egun, eta Aitor Urresti alderdikideari hartuko dio lekukoa. Getariako EAJk azaroan zehar egin zituen hautagaia aukeratzeko bi itzuliak, eta alderdikideek aho batez aukeratu zuten Mugika alkategai izateko. 

Getariako EAJk badu alkategaia datorren urteko udal hauteskundeetarako: Iosu Mugika. Udal zinegotzia da gaur egun, eta Aitor Urresti alderdikideari hartuko dio lekukoa, hura izan baitzen alkategaia aurreko udal hauteskundeetan.

Alderdiak azaroan zehar egin zituen hautagaia aukeratzeko bi itzuliak, eta alderdikideek aho batez aukeratu zuten Mugika alkategai izateko. Prozesua abenduaren 3an amaitu zuten, Batzokian egindako bilera irekian.

Prentsa ohar bidez, Mugikak azaldu du ilusio handiz hartu duela erronka berria: "Getaria hobe bat eraikitzeko gogotsu nago, baita nire taldea ere. Herria bizi eta maite duen getaiarra naiz, gure herriaren garapenarekin konprometitua dagoena, herriko eragile eta hainbat taldetako kide naizen aldetik. Kirol munduan hasi nintzen herrigintzan, eta denboraren poderioz kirola sustatzeaz gain, herriko kultur ekintza ezberdinetan lanean ibili naiz, baita herri eskolako guraso elkartean ere. Herri bizi batean sinesten dut, eta herritarrek egiten dutela herri, elkarlanean, gertutasunez eta adeitasunetik. Horiek izango dira nire lanaren oinarri".

Urresti egungo EAJren udal bozeramaileak, bere partetik, Mugikaren lana goraipatu du: "Hiru urte dira Iosu udalean zinegotzi bezala sartu zela, eta urte hauetan zehar herriarekiko konpromisoa eta lan egiteko grina eta ahalmena izan dira bere ikur. Herri honek izan dezakeen hautagairik onena da. Oso ziur naiz lan benetan ona egingo duela Getaria hobe baten alde".