Salgai daude sanantonetako bertso saiorako eta pilota partidarako sarrerak

Onintza Lete Arrieta 2023ko urt. 2a, 16:12
Txakolin kopak Getariako erdigunean San Anton egunez.

Hilaren 13tik 17ra ospatuko dituzte San Anton festak Getarian, eta egitarauko ekitaldi batzuen berri eman dute dagoeneko. Esaterako, hilaren 13an Ezkurdia-Martija eta P. Etxeberria-Rezustaren arteko pilota partida ikusteko aukera egongo da,  eta hilaren 15ean, berriz, bertso saioa eskainiko dute Amets Arzallus, Aitor Mendiluze, Sustrai Colina, Alaia Martin, Nerea Ibarzabal eta Beñat Gaztelumendi bertsolariek.

Gerturatzen ari dira Getariako San Anton jaiak. Izan ere, datorren astean, hilaren 13tik 17ra ospatuko dituzte urteko aurreneko jaiak, eta horregatik, egitarauko ekitaldi batzuen berri eman du udalak dagoeneko.

Aurreneko egunean, hilaren 13an, ostiralarekin, sanantonetako ohiko pilota partida izango da Sahatsaga kiroldegian: Ezkurdia-Martija eta P. Etxeberria-Rezustaren arteko lehia batetik, eta Egiguren V.a-Erostarbe eta Exposito-Bikuñaren artekoa, bestetik.

Partidak 22:15ean hasiko dira, eta sarrerak salgai daude Turismo Bulegoan nahiz Entradasfronton.com webgunean. Egunean bertan leihatilan ere erosi ahalko dira.

Puntako bertsolariak Balentziaga Museoan

Hilaren 15ean, berriz, igandean, puntako bertsolariek eskainiko dute saioa Cristobal Balentziaga Museoan: Amets Arzallus, Aitor Mendiluze, Sustrai Colina, Alaia Martin, Nerea Ibarzabal eta Beñat Gaztelumendi ariko dira bertsotan, eta Ane Ezenarrok jarriko dizkie gaiak. 18:00etan hasiko da ikuskizuna.

Bihar, asteartea, jarriko dituzte sarrerak salgai bertso saio horretarako, hamar euroan, Turismo Bulegoan. Egunean bertan museoko leihatilan ere eskuratu ahalko dira.