Cristobal Balentziagaren eta haren taldearen 8.000 marrazki eta dokumentu eskuratu ditu Jaurlaritzak

Onintza Lete Arrieta 2023ko urt. 23a, 16:45

Miren Vives Balentziaga museoaren zuzendariaren iritziz, bozeto-bilduma hori "bultzada handia da museoaren funts dokumentalentzat". Erosketa horrekin, "Balentziaga Museoari lotutako dokumentu ondarearen erreferentzialtasuna eta nazioarteko proiekzioa sendotu eta indartzen da", azpimarratu du.

Parisko Balenciaga Etxearekin lotutako dokumentu-funts garrantzitsua aurkeztu du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak gaur eguerdian Bilbon, Euskadiko Artxibo Historikoan. Izan ere, Cristobal Balentziaga Getariako jostunak eta haren taldeak egindako marrazkiak eta dokumentuak eskuratu berri ditu Jaurlaritzak.

Bilduma handia da, 8.362 marrazki eta dokumentu baitira guztira, gehienak 13x21 zentimetrokoak. Egoera onean daude horiek, jakinarazi dutenez. Aurkezpenean azpimarratu dutenez, ez da ezagutzen beste artxiborik halako tamaina eta garrantzia duenik. Izan ere, "munduko beste museo bakar batek ere ez du gordetzen mota horretako Balentziagaren dokumentu-funts espezifikorik, eta gaur egungo Balenciaga enpresak bakarrik du funts handiagoa, baina publikoak oro har ezin du bertako artxiboetan sartu".

Gainera, esku publikoetan egongo den mota horretako Balentziagaren lehen bilduma izango da. "Gainerakoak esku pribatuetan daude, zehazki, Balenciaga Paris markaren esku; beraz, ondarearen ikuspegitik oso aberasgarria da euskal kultura ondarea osatzeko", azpimarratu du Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak.

Aurkezpenean harekin batera izan da Balentziaga museoko zuzendari Miren Vives, eta horrek ere bildumaren garrantzia azpimarratu du: "Bozeto-bilduma hau bultzada handia da museoaren funts dokumentalentzat", esan du. Nazioartean ere jarri du arreta Vivesek: "Erosketa horrekin, Balentziaga museoari lotutako dokumentu ondarearen erreferentzialtasuna eta nazioarteko proiekzioa sendotu eta indartzen da".

Zupiria sailburuak balio handia eman dio Jaurlaritzak eskuratutako funtsari: "Erosketa horrek Euskadiko dokumentu ondarea aberasten du. Dokumentu funts honek Getariako jostunaren lan egiteko modua eta joskintza tailerretako lan prozesua ulertzen lagunduko digu, XX. mendearen erdialdeko gizartearen zati baten testigantza izateaz gain".

Dokumentuak Euskadiko Artxibo Historikoan daude, eta aurrerago Getariako museora eramango dute. Aurrez, bi erakundeek elkarlanean jardungo dute, dokumentuak behar bezala kontserbatzeko batetik, eta horiek digitalizatzeko, bestetik.

Askotariko bozetoak

Bilduman askotariko bozetoak daude. Batzuk lan-bozetoak dira, eta bertan modeloak, osagarriak, ehunak, atelier arduraduna eta bestelako informazio osagarria zehazten dira. Bozeto horietatik 1.000k baino gehiagok ehun-laginak dituzte, eta gehienak 1960ko hamarkadakoak dira, azaldu dutenez.

Aurretiko ideien bozetoak ere baditu bildumak, gehienak 1950eko hamarkadakoak, "Balentziagak garai hartan hasitako lerro enblematikoenetako batzuen saiakuntza eta zirriborroekin".

Antzerkirako figurinak –140ko hamarkadaren erdialdekoak–, kapelagintzari eta osagarriei buruzko bozetoak eta beste marrazki eta dokumentu pertsonal batzuk ere biltzen ditu bildumak. Baita aurkezpenetarako bozetoak, data eta leku zehatzak adierazten dituztenak –horiek ere 1950eko hamarkadakoak– eta lan-aginduak eta eskuz idatzitako hainbat dokumentu ere.

Egiletzaz

Eusko Jaurlaritzak zehaztu du bozeto bat bera ere ez dagoela egiletza norena den zehazteko moduan sinatuta, baina "egindako azterketen arabera", bildumaren % 18 Cristobal Balentziagak eskuz egindako oharrak eta marrazkiak dira; horietatik, %60 atelierreko bozetoak dira. Gainerakoak, oraindik identifikatu gabe dauden figuringile eta kolaboratzaile batzuek eginak dira.

Jaurlaritzak azaldu duenez, bilduma Lorenzo Riva diseinatzaile italiarrak zeukan bere jabetzan. Antza, Riva Balenciaga enpresako zuzendari artistikoa izan zen 1980tik 1982ra bitartean, "eta enpresatik ateratzeko —Bogart taldeari enpresa saltzea negoziatzen ari ziren— kalte-ordain ekonomiko bat eta materialetan ordaindutako beste bat negoziatu zituen". Material hori da Eusko Jaurlaritzak aztertu eta erosi ondoren Euskadiko Artxibo Historikoan gorde berri duena.