Txirimiri Market izeneko artisau azoka egingo dute larunbatean Getarian

Onintza Lete Arrieta 2023ko ots. 15a, 10:35
Azokan parte hartuko duen Barock Jewelry markako belarritako batzuk. (Barock Jewelry)

Aterian Pop-up lokalean egingo dute azoka Euskal Herriko bost artisauk, eta bertan diseinatutako produktu ugari eskainiko dituztela jakinarazi dute: besteak beste, arropa, osagarriak, bitxiak eta kosmetika produktuak. Azoka iluntzera arte egongo da zabalik.

Larunbatean, inauteri eguna, artisau azoka egingo dute Euskal Herriko bost artisauk Getarian, Elkano kalean dagoen Aterian Pop-up lokalean. Txirimiri Market izena du azokak, eta bizkaitarrak dira antolatzaileak; orain arte, lurralde hartan antolatu izan dituzte azokak. Orain, proiektua Gipuzkoa aldera zabaltzea erabaki dute, eta Getaria izango da aurreneko geltokia.

Produktu anitzak eskainiko dituzte azokan: arropa, osagarriak, bitxiak eta kosmetika produktuak, besteak beste. Markak, berriz, honakoak dira: Barock Jewelry, Adricalyptica Design, Carumenu, Dulce Xaboia eta The Picorner.

Azokak 10:30ean irekiko ditu ateak, eta 20:30 arte egongo da zabalik.

Antolatzaileek azpimarratu dute azokaren helburua "diseinua, artisautza eta moda balioan jartzea" dela. "Izan ere, moda azkarrez eta prozesu oldarkorrez gainezka dagoen mundu honetan, hemen diseinatzen dena, unitate gutxitan fabrikatzen dena eta poliki egiten dena gerra-oihu bat da, eta modu jasangarriago eta lokalagoan kontsumitzeko deia", iritzi diote.