Getariako EH Bilduk jendaurrean aurkeztu du maiatzeko udal hauteskundeetarako hautets zerrenda

Onintza Lete Arrieta 2023ko mar. 18a, 11:00

Koalizioak Berdura Plaza beteta egin zuen ekitaldia ostiral iluntzean, eta Haritz Alberdi alkategaiak zerrendako pertsonengan egin zuen azpimarra:  "Zerrenda hau oraina etorkizunarekin lotzeko gai da". Datorren agintaldirako asmo batzuen berri eman eta azken lau urteen balorazioa ere egin zuten ekitaldian.

Berdura Plaza beteta aurkeztu zuen atzo iluntzean Getariako EH Bilduk maiatzaren 28ko udal hauteskundeetara aurkeztuko duen udal hautetsien zerrenda. Haritz Alberdi alkatea da zerrendaburua eta, beraz, alkategaia, eta egungo udal taldeko bi zinegotzi egongo dira berriz ere zerrendaren goialdean: Ane Loidi Gizarte Ongizateko zinegotzia bigarren, eta Ekaitz Esteban Kirol zinegotzia hirugarren. Nahia Iturbe zinegotzia, berriz, zazpigarren postuan joango da.

Horien tartean, izen berri batzuk: laugarren tokian, esaterako, Ainitze Gereka osasun ikertzailea aurkeztuko da, bosgarrenean Eneko Miralles ekonomialaria eta Donostiako Kirol patronatuko teknikaria, eta seigarrenean, Jaione Larrañaga kooperatibista eta supermerkatu bateko langilea.

Honakoek osatuko dute zerrenda: zortzigarren, Eñaut Silbeti; bederatzigarren, Eneida Etxabe; hamargarren, Inaxio Ezenarro; hamaikagarren, Libe Iribar; hamabigarren, Ibra Diagaraf; hamahirugarren, Izaskun Agirre; hamalaugarren, Maialen Iraola; eta, hamabosgarren, Joxe Mari Zenekorta.

Zerrendako pertsonen aniztasuna azpimarratu zuen koalizioak aurkezpenean: arrantzaleak, irakasleak, ekonomialariak, gazteak, helduak... Askotariko esperientziak elkartu dituztela esan zuten, eta horietako askok herriko ekimenetan parte hartzen dutela nabarmendu zuten.

Zerrendako aurpegi berrien lehen hitzak

Ekitaldia Kattalin eta Manexen musikarekin hasi zen, eta talde argazkiaren ondorengo mokaduarekin amaitu.

Tartean, banan-banan aurkeztu zituzten zerrendako kideak, eta ondoren, hitza hartu zuten zerrendako bi aurpegi berrik: Eneko Mirallesek eta Ainitze Gerekak. Mirallesek esan zuen herriko hainbat egitasmotan ibili izan direla beti, dela aisialdi taldean, dela musika bandan, eta horregatik,  "ilusio berezia" egiten diela orain "udalean sukaldeko lanak barrutik nola egiten diren ikusteak eta erabakietan parte hartzeko aukera izateak". "Indartsu eta gogotsu" datozela esan zuen.

Ildo beretik mintzatu zen Gereka. "Ziur nago esfortzu eta ilusio handiarekin egingo dugula lan. Bestalde, Enekoren eta bion helburu nagusia izango da azken urteetan udalak herritarrekin lortu duen hurbiltasun hori mantentzea eta sustatzea, guretzat oso inportantea delako herriarekin lan egitea, eta lan hori elkarlanean egitea".

"Bertigoa" sentitzen dutela aitortu zuen, baina hitzartzea amaitzeko, azpimarratu zuen "%100 ematera etorri" direla.

Hainbat lorpen azpimarratuz

Haritz Alberdi alkateak ere hartu zuen hitza. Azken urteetan herrian amets asko egi bihurtu direla iritzi zion. "Orain gauza asko normaltzat ditugu, baina pentsatzen badugu duela hamar urte non geunden eta orain non, konturatuko gara orduko amets horiek lortu ditugula, eta beraz, orain ere ametsekin joango gara aurrera".

Osatu duten zerrenda goraipatu zuen, eta gazteen presentziari garrantzia eman zion. "Oraina gu gara, baina etorkizuna, beraiek. Guk lagunduko diegu bidea egiten eta gure esperientzia helarazten, baina horiek dira etorkizuna", nabarmendu zuen. "Oraina etorkizunarekin lotzeko gai da zerrenda hau", gaineratu zuen. Zerrendako pertsonak "Getariaren isla" direla ere esan zuen.

Herriko zerrenda alde batera utzita, EH Bilduk Espainiako Kongresuan egiten duen lana ere goraipatu nahi izan zuen Alberdik, azpimarratuz, esaterako, sarekonpontzaileen afera bere alderdiari esker konpondu dela.

Pentsioen erreforma izan zen jarritako beste adibideetako bat: "EH Bilduk lortu du erreforman hainbat hobekuntza sartzea, eta horren harira, Arnaldok [Otegi] zera komentatu zuen: 'EH Bilduk, akordioetan dagoenean, euskal herritarrentzako eskubideak irabazten ditu'. Hau da, gu gauden lekuan, herritarron gehiengoaren bizi baldintzak hobetu egiten dira, baita Getarian ere". Horren harira ere adibide batzuk eman zituen: aurreneko aldiz Berdintasun Plan bat martxan jartzea; Getariako curriculuma osatzen aritzea; Kirol Mahaia osatu izana lehenengo aldiz; guztiz publikoak izango diren alokairuko etxebizitzak eraikitzeko lehen urratsak eman izana; eta inoiz bideratu den diru kopuru handiena bideratzea gehien behar dutenentzat, besteak beste.

Azken adibide bat ere eman nahi izan zuen Alberdik. "Hau harro kontatzen dugu galdetzen digutenean eta baita galdetzen ez digutenean ere", aitortu zuen umoretsu: "EH Bilduren kultur aniztasunaren idazkaritzak publikoki zera aitortu digu hitzez hitz: 'Gipuzkoako hiribildu txiki honen meritua nabarmendu nahi dugu estatu oso bati eta haren baliabideei aurre egiten jakin duelako'". Hortxe utzi zuen, gehiago zehaztu gabe.

Lau urte hauetan egindako lanagatik "harro eta burua zutik" dutela esan zuen Alberdik, eta emandako adibideek erakusten dutela "amesten segitzeko aukera" dagoela.

Hurrengo lau urteetarako asmoak

EH Bilduren alkategaiak datorren agintaldirako dituzten  asmoez ere hitz egin zuen. "2011tik hasitako bideari eutsiko diogu, lekukoari, azken lau urteetan egindakoari eutsiko diogu, eta garrantzitsuena niretzat: esperientzia eta aire freskoa ekarriko duen ekipoarekin".

Gai zehatzetara joz, esan zuen "erronka handi bat" etxebizitza arloan dagoela, eta Potzuaga gaineko aktuazioa bultzatuko dutela, eta horien %75 babestua izatea lortuko dutela. Hezkuntzan, eraikinaren kanpo horma berrituko dutela esan zuen, eta adinekoei dagokienez, udalak egindako diagnostikoari jarraituz haien bizitzak hobetzeko neurriak hartzen jarraituko dutela esan zuen.

Auzotarrekin elkartzen jarraitzeko eta haiei entzuteko asmoa erakutsi zuen, eta kiroldegian, estalpe berria egitea; jada proiektua idatzita dagoela zehaztu zuen.

"Proiektu interesgarri gehiago" badituztela esan zuen, baina "ekitaldia gehiegi ez luzatzearren", horiek aurrerago jakinaraziko dituztela.

Amaitzeko, Alberdik "gobernantza eredua" aipatu zuen, hor jarri nahi duelako azpimarra: "Gure gobernantza eredua lidergo konpartituarena da: taldea da ezinbestekoa. Ondo egindakoak esan behar dira, baina baita hanka sartzen denean ere, eta egin dugu. Gardenak izan behar dugu diru kontuetan, eta auzolana bultzatu eta herri jakintza aintzat hartu. Eta, nola ez, hurbiltasuna bultzatu. Uste dut talde honek hori eskain dezakeela, zorionekoa dela herri hau herritar talde honekin kontatzeagatik, eta maiatzaren 28an irabazi egingo dugula".