Hazi Euskara Getarian izeneko kanpaina aurkeztuko die udalak getariarrei ostiral honetan

Onintza Lete Arrieta 2023ko mar. 22a, 18:00
Getariako umeak, azken Korrikan, aldapan gora udaletxe aurrera iristen.

Udalak aurreratu duenez, kanpainaren helburua da "herrian euskararen erabilera indartzea". Getariarrak izango ditu protagonista.

Hazi Euskara Getarian izeneko kanpaina aurkeztuko die Getariako Udalak herritarrei ostiral honetan. Hitzordua 18:00etan izango da Berdura Plazan, eta getariar guztiak gonbidatu dituzte bertan parte hartzera. Intza Gurrutxaga Artzape-ko kideak gidatuko du saioa, eta Haritz Alberdi alkatearekin batera, hainbat herritar gonbidatuko dituzte oholtzara. 

Udalak azaldu duenez, kanpainak bi euskarri nagusi izango ditu: "Euskarri nagusiak herriko lau toki zehatzetan egindako argazkidun kartelak eta hamasei herritarren parte hartzea duten bi spot dira". Ekitaldian horiek ikusteko aukera egongo da, baita "euskararen erabileraren inguruan elkarrekin hausnartzeko tartea ere".

Kartelei dagokienez, lau dira guztira, eta bakoitzak herriko txoko ezberdin batean egindako irudia darama: moilan, plazan, parkean eta Kale Nagusian atera dituzte argazkiak. "Eszena bakoitzean adin-tarte ezberdinetako getariarrak ageri dira, hizketan, jolasean, aisialdian eta lagun artean. Getariarren egunerokotasuna islatzen dute, eta espazio horietan, testuinguru horietan, egiten duten hizkuntzaren erabileraren inguruan pentsatzera gonbidatzen ditu", azaldu du udalak.

Spotei dagokienez, bi prestatu dituzte: Iturzaeta Herri Eskolako LH5 eta LH6ko sei ikasleekin grabatu dute bat, eta 25-75 urte arteko hamar getariarrekin, bestea. Biak Balentziaga Museoan grabatu dituzte. "Gidoirik gabe, parte hartzaileek egindako ekarpenak jasotzen dituzte bideoek. Nor da nor jokoa eta hainbat galdera egin zitzaizkien, eta bat-bateko elkarrizketaren irudiak hartu ziren". Getariako Udalak kanpainan parte hartu duten herritarrei eskerrak eman dizkie.

Euskararen erabilera beherantz

Euskararen aldeko kanpaina egitearen arrazoien artean dago kaleko erabilera jaitsi egin dela azken kale neurketaren arabera: "Hizkuntzen kaleko erabileraren 2021eko neurketaren arabera, Getariako hiztunen %68,4 sumatu zituzten kalean euskaraz. Aurreko neurketarekin alderatuta, haurren adin tartean bakarrik izan zen igoera, ia puntu eta erdikoa. Beste adin tarteetan, aldiz, beherakada handia izan zen, batez ere, heldu nagusien (20 puntu) eta heldu gazteen (14 puntu) taldeetan. Datu horiek kezka eragin zuten udalean, eta egoeraren aurrean zerbait egiteko unea zela erabaki zen", azaldu dute ostiraleko aurkezpenaren atarian.

Hazi Euskara Getarian kanpainak "euskararen aldeko hizkuntza hautua indartzea du helburu, herritar bakoitzaren egoeratik abiatuta". Kanpainaren oinarria honela laburbildu du udalak: "Euskararen zabalkunde, garapen eta normalkuntza lanetan ibili direnei esker, getariar gehienak euskaraz hazi gara. Familia, ikasketak, lagunak, aisia, lana... alor guztietan gara eta izan gaitezke euskaldun. Baina euskararen erabilera jaitsi egin da gure kaleetan, eta orain, euskarak, gu behar gaitu. Hazi dezagun euskara Getarian".