Berrogei partaiderekin jokatuko dute I. Basque Country Cup uretako motoen txapelketa

Onintza Lete Arrieta 2023ko mar. 23a, 21:47

Gaur arratsaldean aurkeztu dute Getariako moilan uretako motoen Euskal Herriko lehenengo txapelketa. Hiru egunetan bost etapa jokatuko dituzte partaideek, bihar goizean hasita. Malkorbe hondartzan "ikuskizun ederra" sortuko dela uste dute antolatzaileek.

Dena prest da I. Basque Country Cup uretako motoen txapelketarako. Berrogei partaidek eman dute izena, eta gaur goizean hasi dira Getariako moilara iristen beren moto eta materialekin. Arratsaldean, 18:30ean hasita izan da aurkezpena, eta antolatzaileek aurreratu dute azken eguna pentsatu baino motzagoa izango dela "sei metroko olatuak daudelako iragarrita". Hala, sei etapa beharrean ziurrenez bost egingo dituzte, eta "sari banaketa igandean 14:00etan edo 14:30ean egingo da".

Aurkezpen ekitaldian Gure Txeruko dantzari txikiek parte hartu dute, baita Urdax harri jasotzaileak ere, ikuskizun txiki bat eskainita. Bukaeran, euskal produktuekin egindako mokaduak dastatzeko aukera izan dute.

Lehiaketa bihar 11:00etan hasiko da. Irteera Malkorbe hondartzatik egingo dute etapa guztietan, eta uretaratzeko momentua "ikusgarria" izango dela uste dute antolatzaileek, moto guztiak uretan egongo baitira irteera unean eta gidariek korrika igo beharko baitute motoetara.

Bigarren etapa bihar 15:00etan izango da, eta larunbatean ere 11:00etan eta 15:00etan egingo dituzte irteerak. Igandean ere 11:00etan hasiko da azken etapa.

Bihar arratsaldean, esaterako, eskualdean bertan ibiliko dira lehian: Getaria-Zarautz-Orio ibilbidea egingo dute parte hartzaileek, eta Getarian moilatik bertatik ikuskizunaz gozatzeko aukera paregabea izango dute herritarrek.