Eskualtxetako eremuan alokairu sozialeko etxebizitzak eraikitzeko lehen urratsa eman dute Getarian

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko api. 6a, 15:29
Getariako Udaleko ordezkariak Eskualtxetako eremuan. (Getariako Udala)

Martxoaren 28ko osoko bilkuran Eusko Jaurlaritzarekin sinatuko den hitzarmena onetsi zuen Getariako Udalbatzak.

Getariako Udalak jakinarazi du Eskualtxetako eremuan alokairu sozialeko etxebizitzak eraikitzeko lehen urratsa egin duela; "balorazio positiboa" egiten du Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailarekin izandako hartu-emana "bere fruituak" ematen ari delako. Hala, martxoaren 28ko osoko bilkuran Eusko Jaurlaritzarekin sinatuko den hitzarmena onetsi zuten Getariako udal ordezkariek. Orain jaurlaritzara bidaliko dute onespenaren ziurtagiria, bertako ordezkariek berretsi dezaten. 

Getariako Udalbatzak onetsitako hitzarmenak hasiera emango dio Eskualtxetako eremuan 20 etxebizitza inguru eraikitzeko prozesuari. "Alokairukoak izango dira, behar gehien duten herritarrentzat. Etxebizitzen %40 36 urtetik beherako gazteei bideratuta egongo da; beste %40 etxerik ez duten herritarrei, eta gainerako %20 tratu txarrak jaso dituzten emakumeei eta behar bereziak dituzten pertsonei. Alokairuak bost urterako izango dira, eta prezioa pertsona bakoitzaren irabazien arabera zehaztuko da, beti ere prezio-muga batekin", azaldu dute Getariako Udaleko ordezkariek. Horrez gain, eraikinaren beheko solairuko lokala udalaren esku geratuko lirateke, "herriak izan ditzaken beharrei erantzuteko".

Getariako Udal Gobernuarentzat herrian lehen aldiz mota horretako etxebizitzak eraikitzeak "balio handia" du, herritarrak izango direlako bere ustez "onuradun nagusiak". "Gainera, etxebizitzen jabetza guztiz publikoa izango da", nabarmendu dute