Txapapotearen kontra arituak omenduko dituzte Antxoa Egunean

Onintza Lete Arrieta 2023ko mai. 4a, 08:00
Artxiboko irudian, frontoian antxoa parrilan erretzen.

Bihar abiatuko da Antxoa Eguna, Zilarrezko Antxoa aipamenarekin. Xake txapelketa berezia antolatu du Elkano xake klubak, lau ahizpa ukrainarren erakustaldi eta guzti. Ohi bezala, egitarau oparoa prestatu du Kofradiak.

Bihartik igandera Antxoa Egunaz gozatuko dute getariarrek, eta urtero bezala, egitarau oparoa antolatu du Kofradiak. Zilarrezko Antxoa aipamenaren ekitaldia eguerdian izango da Balentziaga Museoan, eta Emeterio Urresti Kofradiako lehendakariak jakinarazi du "txapapotearen kontra aritu zirenak" omenduko dituztela aurten, ingurumen hondamendiaren hogeigarren urteurrenean. "Lantaldea sortu zen egoerari aurre egiteko, eta haiek omenduko ditugu: Azti ikerketa zentroa, Jaurlaritzako Arrantza Saila, eta Gipuzkoako eta Bizkaiko arrantzaleen ordezkariak, arrantzale guztien izenean". Beste aipamen bat ere egingo dute biharko ekitaldian: "Arrantzaleon sareak egiten ditu Alacanteko IRC enpresak duela 25 urtetik, eta haren lana eskertuko dugu". 

Zilarrezko Antxoa aipamenaren aurretik, dena den, beste hitzordu bat antolatu du Kofradiak bere egoitzan; hain zuzen, aurtengo antxoa kanpainari buruzko datuak emango dituzte, jendaurrean, 11:00etan.

Arratsaldean, berriz, antxoa eta txakolina dastatzeko aukera izango dute herritarrek frontoian, eta asteburuko ekitaldietan parte hartzera animatu du jendea Urrestik.


Xake hitzordu berezia


Elkano Xake Klubak laugarrenez antolatu du Juan Sebastian Elkano Xake Txapelketa. Ohi bezala, Antxoa Eguneko egitarauaren parte izango da lehiaketa, eta Berdura Plazan jokatuko da larunbat honetan, hilak 6, 10:00etan hasita. Emakumeak izango dira aurtengo protagonista nagusiak, Emakumeen Adiskide Zirkuituko partidak antolatu baititu klubak Euskal Herriko Xake Federazioaren eskutik. Hamar minutuko partidak izango dira, denek denen kontra jokatuko dute, eta 12:30erako amaitzea aurreikusi dute. Sari banaketaren ondoren, bazkaria egingo dute elkarrekin berrogei lagun inguruk. Antxoa jana egingo dute, noski, Kofradiaren eskutik.

Horrez gain, ordea, Asturiasen (Espainia) bizi diren Prochaieva xake jokalari ahizpek erakustaldia eskainiko dute. Ukrainarrak dira, eta horiek ere xake federazioaren eskutik ariko dira Getarian. Lau ahizpa dira, eta bakoitza lau aurkariren kontra ibiliko da aldi berean. Herritarrek aukera izango dute haien kontrako jokatzeko, eta animatzen denak momentuan eman ahalko du izena. 

Getariarrek beraien taldetxoa osatuko dute, klubeko lau jokalariei herriko beste seiren bat afizionatu batuta. "Kanpoko jokalariekin aritzeko eta haiengandik ikasteko aukera izango dugu,  hori da gure helburua", adierazi du Balbino Inza Elkano xake klubeko ordezkariak. 

Egitaraua

Bihar, ostirala
-11:00. Aurtengo kanpainari buruzko datuak, Kofradian. 
-12:30. Zilarrezko XI. Antxoaren aipamenak, Balentziaga Museoan.
-18:30. Musika Eskolako trikitilariak eta Gure Txeru elkarteko dantza taldearen emanaldia, Gazte Alaiak txistulari taldeak lagunduta. 
-Ondoren. Bentazaharreko Mutiko Alaiak kalez kale.
-19:00–21:00. Antxoa dastaketa, frontoian. Antxoa parrilan, txakolinarekin, sagardoa txotxetik eta artisau garagardoa.

Etzi, larunbata
-10:00. IV. Juan Sebastian Elkano Xake Torneoa, Berdura Plazan. 
-10:00. Portuan, Kofradia–itsas Etxearen eskutik, Izan Arrantzale tailerra, 6–12 arteko umeentzat, doan. 10:00-11:30, itsas eskulanak tailerra; 11:30-12:30, itsas esperimentuak tailerra; eta 12:30-14:00, arrantza tailerra izango da.
-10:00-14:00. Saregileen lan erakusketa.
-10:00-11:30. Mater itsasontzia ezagutzeko bisita gidatuak.*
-12:30-14:00. Antxoaren artisau-kontserba tailerra Mater itsasontzian.*
-16:00-19:00. Mater itsasontzia ezagutzeko bisita gidatuak. *
-18:00. Euskal Mitologiako haur jokoak egingo dituzte frontoian (giro txarra egingo balu, kiroldegian).
-20:30. Eragiyok abesbatza, Salbatore Deunaren elizan.

Etzidamu, igandea. Arrantzale Eguna
-11:00. Gipuzkoako Trainerilen Ligako hirugarren jardunaldia, XI. Antxoa Eguna bandera.
-11:00. Arrantzaleen meza, Getariako abesbatzak abestuta. Zuzendaria: Jesus Aldalur.
-Ondoren. Itsas Bedeinkapena, Artzapen.
-Jarraian. Arrantzale zaharrei omenaldia eta hamaiketakoa.
-13:00. Getariako Musika Bandaren kontzertua, elizan. Honako piezak joko dituzte: El tambor de Granaderos (Chapí), Las Walkyrias (Wagner), Alvamar (James Barnes), American Symphoni (Naohiro Iwai) eta Can´t take my eyes of you (Crewe Gaudio).
-10:00-11:30. Mater itsasontzian bisita gidatuak.*
-12:30-14:00. Antxoaren artisau kontserba tailerra., Mater itsasontzian.*
-16:00-19:00. Mater itsasontzia ezagutzeko bisita gidatuak.*
-18:00. Urrezko Aizkora, frontoian. Bitartean, kaleak girotzen Irulitxa txaranga.

*Izena ematea beharrezkoa izango da.