Iaz baino gertuago eta handiago arrantzatu dute antxoa; gutxiago berdela

Maria Maya Manterola 2023ko mai. 5a, 15:00
Argazkia: Maria Maya Manterola.

Antxoa Eguna baliatu dute, urtero legez, kanpainan arrantzatutako antxoa eta berdel tonen berri emateko. Balorazioa baikorra da antxoaren kanpainan; ez hain ona berdelarenean. 

Getariako Arrantzaleen Kofradian elkartu dira gaur, Antxoa Egunez, udaleko nahiz Jaurlaritzako ordezkari politikoak, aurtengo antxoa eta berdel kanpainetan arrantzatutako datuen berri emateko. 

Haritz Alberdik hasi du hitzartzea, eta labur-labur aipatu du Getariak kalitatezko antxoa eskaintzen jarrai dezala espero duela. Bestetik, herriko txikienak egiten ari diren lanketa txalotu du Alberdik, haren hitzetan, etorkizuna baitira. Eskolatik atera eta beren herriko errealitatera hurbiltzea pozgarria dela aipatu du. 

Kanpainaren datuak, dena den, Bittor Oroz Nekazaritza eta Arrantza sailburuordeak eman ditu. Orozen arabera, maiatzaren 1a bitarte 3.200 tona arrantzatu ditu euskal flotak, eta bataz beste, 1,97 euroan saldu da kiloa. Antxoa "gertuago" arrantzatu dute, eta "tamainaz handiagoa" izan da iaz baino. "Oso datu baikorrak" dira horiek, Orozen hitzetan. Horrela jarraitzea espero dute kanpainaren gainerako arrantzaldietan ere. Eusko Label produktuak goraipatu eta horiek kontsumitzeko deia egin du, bestetik: "Jatorria eta kalitatea emango duen zigilua merkatuan jarri genuen duela hiru urte, eta horien alde egin dezaten eskatzen diegu kontsumitzaileei". Aurten berdela ere Eusko Label zigilupean saldu dute, helburu berarekin: jatorria eta kalitatea bermatzea. 

Berdelarekin, ordea, ez da hain kostera ona izan, Orozek emandako datuen arabera. Euskal flotak 7.400 tona arrantzatu ditu, eta 1,05 euroan saldu da kiloa, bataz beste. Inguratze sareen bidez iazko kopuru antzekoetara iritsi badira ere, ez dute behar beste arrantzatu eskuz, amuen bitartez. Orozek dio biomasa badagoela, baina urtez urte errepikatzen doan joera bat dela, eta AZTIri nahiz gainerako zientzialariei gaia aztertzeko eskatu dietela. Bestalde, zuzeneko laguntzak ematea ere aztertu dutela aipatu du, Arrantza Zuzendaritzaren bitartez. 

Ildo beretik mintzatu da Miren Garmendia Gipuzkoako Kofradietako Federazioen idazkaria ere. Edonola ere, prentsaurrekoa baliatu nahi izan du urteroko aldarrikapen bera egiteko: kudeaketaren eskumena izateko. Izan ere, gaur egungo sistemari "zailtasun handiak" ikusten dizkio, eta estatu osoan duten kuota banatuta ez dagoenez, "arrantza olinpikoa" egiten dutela irizten dio.