Xake txapeldunak Getariako torneoan

Onintza Lete Arrieta 2023ko mai. 8a, 08:21

Hemezortzi xake jokalarik parte hartu zuten larunbatean IV. Juan Sebastian Elkano Xake Torneoan, Emakumeen Adiskide Zirkuituaren barruan. Ingurutik ez ezik, Iruñatik, Santurtzitik (Bizkaia), Bilbotik eta Gijondik (Asturias, Espainia) etorri ziren partaideak, tartean maila oso altuko jokalariak: Maria Goñi nafarra, Miriam Parkhurst mexikarra eta Prochaieva ahizpa ukrainarrak. 

Antxoa Eguneko ekitaldi berezienetakoa egin zuten larunbat goizean Berdura Plazan: xake txapelketa. IV. Juan Sebastian Elkano Xake Torneoa, gainera, ohi baino bereziagoa izan da aurtengoan, partaide guztiak emakumezkoak izan baitira. Izan ere, Euskal Herriko Xake Federazioaren eskutik, Emakumeen Adiskide Zirkuituaren barruko lehia izan da.

Xakelariak taldeka banatuta aritu ziren –Getaria-Zarautz, Santurtzi, Iruña eta Gijon–, eta denera hemezortzi jokalarik parte hartu zuten. Tartean maila oso altuko xakelariak izan ziren herenegun Getarian: Maria Goñi nafarra, Miriam Parkhurst mexikarra eta Prochaieva ahizpa ukrainarrak (Gijonen bizi dira). Denek ere hainbat txapelketa irabaziak dituzte, eta gainerako partaideak zur eta lur utzi zituzten.

Horren harira, Euskal Herriko Xake Federazioko Jose Manuel Sierrak uste du hasiberrientzat ona dela jokalari hobeen kontra aritzea mota honetako txapelketetan, "ondoren txapelketa absolutuetara pausoa emateko".

Tarteko pausoa

Berez, xake txapelketak ez dira generoaren arabera banatuta egoten, gizon eta emakume, denek denen aurka jokatzen dute txapelketa absolutuetan, baina mundu osoko xake federatuen %8-%11 artean bakarrik dira emakumezkoak, eta zenbaki horiek irauli nahi dituzte federaziokoek soilik emakumeentzat diren txapelketa hauek antolatuta. "Nahi duguna da emakumeak ohitzea xakean aritzera eta lehiaketa hauetan ondo-ondo pasatu dezatela, gero anima daitezen torneo absolutuetan lehiatzera. Txapelketa hauei esker beldurra galtzen dute eta pixkanaka maila hobetzen dute".

Sierrak azaldu du, hori bai, txapelketa hauek behin-behinekoak izatea espero duela: "Ideala litzateke etorkizunean federazioak emakumeentzako lehiaketarik antolatu behar ez izatea, horrek esan nahiko lukeelako iritsi direla maila on batera".

Hasiberriak  dira, esaterako, atzo Getarian aritu ziren iruñarrak. "Iruñako Emakumearen Etxeko xake ikastaroan izena eman genuen orain gutxi, eta Maria Goñi irakasleak animatuta etorri gara Getariara. Harrituta gelditu gara, adibidez, ahizpa ukrainarrekin. Makina batzuk dira, aise irabazi digute. Nola jokatzen duten ikustearren bakarrik merezi zuen hona etortzeak", kontatu dute.

Emaitzei dagokienez, Gijongo taldeak lortu zuen garaipena –gaztetxo ukrainarrek erakustaldia ere eman zuten, bakoitza hainbat jokalariren aurka arituta– eta Getariako taldea izan zen bigarren.