"Helburua bete dugu, 400 partaiderentzat tokia zegoelako eta 399k izena eman dutelako"

Onintza Lete Arrieta 2023ko mai. 19a, 08:00
Triatletak Getarian, bizikletako saioan.

Bihar arratsaldean jokatuko dute Getariako VII. Triatloia, eta antolatzaileak gustura dira parte hartzaile nahiz boluntario kopuruarekin. Zirkulazioan hainbat aldaketa eragingo du probak.

Bihar 16:00etan hasiko da Getariako VII. Triatloia, eta azken xehetasunen faltan, dena prest du Getaitri taldeak. Igandean itxi zuten parte hartzeko aukera, ia-ia topera iritsita, Igor Aizpurua antolatzaileak Urola Kostako Hitzari atzo azaldu zionez: "400 partaiderentzako dago tokia, eta 399k eman dute izena. Helburua lortu dugu, eta gainera, kontuan izan behar da Iruñan ere triatloi luzea jokatuko dela bihar; gustura gaude, beraz".

Triatletek 750 metro egingo dituzte igerian Malkorbe hondartzatik abiatuta, 20 kilometro egingo dituzte gero bizikletaz, eta azkenik, bost kilometroko korrika saioa egingo dute. Hori guztia behar bezala koordinatu ahal izateko 150 boluntario ariko dira lanean, eta Aizpuruak eskerrak eman dizkie Getaitriren izenean. 

Bestalde, gogorarazi du taldeak, "betiko filosofiari eutsiz", parrillada eskainiko duela sari banaketaren ondoren.

Zirkulazioan eragina


Probak zirkulazioan izango duen eragina ere nabarmendu du antolatzaileak: esaterako, Zumaia -Getaria (N-634) itxita egongo da 16:00-17:30 bitartean; baita Meaga-Zumaia (GI-2633) eta Zumaia-Zarautz (N-634) ere 16:15-17:30 bitartean.  

Horregatik, AP-8 autobidea erabiltzea gomendatu dute antolatzaileek eta udaltzaingoek.

Hauek dira bihar trafikoan izango diren aldaketa guztiak:

  • Zarautz - Zumaia artean AP-8 autobidea erabiltzea gomendatzen da, Getarian trafiko pilaketak ekiditeko.
  • Getaria - Zumaia (N-634) zabalik (berdin Askizu eta San Prudentziok ere) betiere arretaz gidatuz, aurkako noranzkoan lasterketa dator eta. Gaztetape hondartzarako bidegurutzea Ertzaintzak kudeatuko du, bidegurutzean lasterkarien sartu-irtenak lehenetsiz eta babestuz. Trafikoa geratu egingo da puntualki, lasterkariak igarotzeko momentuan soilik.
  • Zumaia - Getaria (N634) itxita (16:00-17:30 bitartean):
    • Zumaiatik - Getariara, Zarautzetik bueltan AP-8 errepidea erabiltzea gomendatzen da
  • Meaga - Zumaia (GI-2633) itxita (16:15-17:30 bitartean).
  • Zumaia - Meaga zabalik, baina arretaz gidatuz, aurkako noranzkoan lasterketa dator.
  • Zumaia - Zarautz (N634) itxita (16:15-17:30 bitartean):
    • AP-8 autobidea erabiltzea gomendatzen da.
    • Zumaia - Meaga (Oikiatik) zabalik baina arretaz gidatuz, aurkako noranzkoan lasterketa dator eta.
    • Meaga - Zarautz (GI-2633) bi noranzkoak zabalik (Elkanorako bidegurutzera arte).
  • Getaria - Zarautz (N-634) bi noranzkoak zabalik, arretaz gidatuz Getariako sarrera-irteeran.
  • Askizu eta San Prudentzio - Getaria itxita (16:00-17:40).
  • Getaria - Meaga (GI-3391) itxita (16:00-17:15), berdin Balenziaga, Potzuaga, Magallanes, Akerregi, Erruera eta Eizaga auzoen kasuan (Zarautz aldetik zabalik)