Getariako konpartsa antolatzeko bilera deitu dute astearterako

Julene Frantzesena 2023ko mai. 20a, 09:00
Getariako Konpartsaren edizio bateko irudia.

Salbatore jaien barruan, abuztuaren 6an, herria dantzan jarriko du beste behin Konpartsak, eta jantziak egin ahal izateko eta lanak antolatzeko bilera deitu dute astearterako. 18:30ean izango da bilera, Alondegian.

Lau urteko etenaren ostean, Getariako Konpartsa berriz martxan jartzea erabaki dute. Horrenbestez, Salbatore jaien barruan, abuztuaren 6an, herria dantzan jarriko du beste behin Konpartsak, eta jantziak egin ahal izateko eta lanak antolatzeko bilera deitu dute astearterako. Hain zuzen ere, jantziak egiten lagundu nahi duten herritarrei zuzendutako hitzordua 18:30erako jarri dute, Alondegian.

Aurtengo Konpartsarako gaia Afrika izango da, eta kontinente horretako errealitate desberdinak kontuan hartzen saiatuko direla azaldu dute egitasmoaren sustatzaileek, "aniztasunez eta errespetuz" jokatu nahi dutelako. Orotara, 170 bat lagunek parte hartuko dute Konpartsan, eta herritar horientzat Afrikako oihaletik egin nahi dituzte jantziak.