Sam Parry zeelandaberritarra eta Paula del Pozo espainiarra izan dira azkarrenak Getariako VII. Triatloian

Gorka Eizagirre 2023ko mai. 21a, 10:13

363 kirolarik parte hartu dute, eta giro ederra sortu da probaren bueltan. Getariarrik bizkorrena, mutiletan, Iosu Iribar izan da; nesketan, berriz, Irati Larrañaga. Biak ala biak Getaitri triatloi klubeko kirolariak dira.

Getariako Triatloiaren zazpigarren edizioa jokatu zuten atzo arratsaldean. 363 kirolarik parte hartu zuten proban, eta ehunka izan ziren haiei animoak ematera atera ziren herritarrak. Sprint modalitateko proba bizi joan zen, eta 750 metro igeri, 20 kilometro bizikletaz eta bost kilometro korrika egiteko ordubeterik ere ez zuten behar izan azkarrenek.

Gizonezkoetan, Sam Parry zeelandaberritarra izan zen helmugara iristen aurrena, 59 minutu eta bost segundoko denbora eginda. Hogei segundo gehiago behar izan zituen bigarrenak, Joanes Goitisolo gernikarrak (Bizkaia); eta ordubete eta bost segundoko denbora eginda helmugaratu zen hirugarrena, Ricardo Hernandez espainiarra.

Emakumeetan, ordubete eta zortzi segundoko denborarekin, Paula del Pozo espainiarra izan zen azkarrena. Helmugan sartzen bigarrena Aitana Abalos donostiarra izan zen, ordubete eta hamasei minutuko denbora eginda; eta handik 59 segundora Paule Garcia de Andoain bizkaitarra, hirugarren lekuan.

Getariarrik bizkorrena, mutiletan, Iosu Iribar izan zen; nesketan, berriz, Irati Larrañaga. Biak ala biak Getaitri triatloi klubeko kirolariak dira.