Iribar eta Izarri lehiatuko dira XI. Floren Memoriala futbito txapelketako finalean

Onintza Lete Arrieta 2023ko mai. 23a, 10:01
Floren Memoriala futbito txapelketako irudi bat.

Larunbat arratsaldean jokatuko dituzte ligako eta kopako finalak nahiz ligako hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko norgehiagokak. Gure Txeru gustura gelditu da txapelketak emandakoarekin, arantzatxoa ere baduten arren. 

Bederatzi jardunaldi jokatu ondoren, iritsi da azken txanpara XI. Floren Memoriala futbito txapelketa. Bederatzi talde aritu dira nor baino nor, eta joan den asteburuan erabakita gelditu dira finalak: nagusia, hau da, ligakoa, Iribarrek eta Izarrik jokatuko dute. Ligako hirugarren eta laugarren tokiak erabakitzekoa, berriz, Haitzek eta Astillerok. Kopako finalari dagokionez, hori Taxkok eta Abeta Berrik jokatuko dute.

Finalak larunbat honetan jokatuko dituzte, arratsaldez. Aurrena ligako hirugarren eta laugarren postuak erabakiko dituzte, 17:30etik aurrera. 18:30ean hasiko da kopako finala, eta 19:30ean, berriz, ligakoa.

Eguraldiak lagunduz gero, frontoian izango dira hiru partidak; bestela, kiroldegian. Sari banaketaren ondoren, parrillada egongo da futbito txapelketako partaideentzat, Bista Onan euririk ez bada, eta bestela, kiroldegi kanpoan.

Balorazio positiboa

Gure Txeruk positiboki baloratu du txapelketa, eta taldeek emandako erraztasunak goraipatu ditu bai partiden orduak adosterakoan, bai materiala atera eta jasotzeko, besteak beste. "Borondate ona egon da, eta txapelketa ondo joan da".

Lehiaketari dagokionez, txapelketa "oso lehiakorra" izan dela azaldu dute antolatzaileek, "azken unera arte hiru talde egon direlako puntuz berdinduta ligako azken faserako sailkatzeko, eta bi golen aldearekin bakarrik gelditu delako azkenean talde hori kanpoan". Lehiaketa "oso gogorra eta polita" izan da, "kiroltasun handikoa", eta lesiorik ere ez dela egon nabarmendu dute.

Arantzatxoa ere gelditu zaie, ordea. "Aurten, txapelketa antolatzen hasi ginenean, esan genuen gure nahia zela emakumeek ere parte hartzea lehiaketan, eta bultzatzea beren partaidetza. Baina ez dugu helburua lortu, nahikoa emakume ez direlako animtu taldea osatzeko, eta taldeek ez dutelako prestutasun handirik erakutsi animatu ziren emakume gutxi horiek beren taldeetan sartzeko eta talde misto gisa aritzeko", aitortu dute. "Gure Txeruk saiatu behar du emakumeen parte hartzea bultzatzen. Ez dakigu nola egin, baina ea zerbait bururatzen zaigun eta, batez ere emakume gazteak animatzen zaizkigun Getarian futbitoan parte hartzen".

Kontuak kontu, larunbatean festa giroan amaituko dute txapelketa, eta ondoren, pixkanaka-pixkanaka hamabigarren txapelketa prestatzen hasiko dira.