Eguzki instalazio fotovoltaikoak jartzeko aldundiaren laguntza lortu du Getariako Udalak

Andrea Zipitria 2023ko mai. 26a, 15:00
Sahatsaga kiroldegia.

Ia 280.000 euroko dirulaguntza jasoko du Getariak. Hiru udal estalpeetan jarriko dituzte eguzki plakak, eta bertatik sortzen den energia, "herriko etxe herenak hornituko ditu".

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen sailak  5.000 biztanletik beherako udalerrietako udal estalkietan, eguzki instalazio fotovoltaikoak ezartzeko dirulaguntzen deialdira aurkeztu da Getariako Udalak. Orain, jakin dute aurkeztutako proiektua onartu egin dietela eta beraz, laguntza jaso egingo dutela. 

Plaka fotovoltaikoak Sahatsaga kiroldegian eta Askizu eta Miako pilotalekuan ezarriko dira. Aldundiko Ingurumen saila izango da obra guztiaz arduratuko dena, baita energia komunitateak sortzeaz, dinamizatzeko, eta kudeatzeko beharreko zerbitzuak kontratatzeaz.

Sortutako elektrizitatea  herritarren onurarako izango da; "etxeetako fakturak gutxitzeko", azaldu dute Getariako Udaletik. Aurreikuspenen arabera, "aukeratutako hiru estalki horiek sortzen duten energia, herriko etxe herenak hornituko ditu".

Aurrekontua 279.892,36 eurokoa (BEZ barne) izango da, eta gastu guztia hartuko du beregain aldundiak.

Hitzarmena

Esku-hartze honetarako Getariako Udalak doan emango dio baimena aldundiari eguzki panel fotovoltaikoak udal estalkietan jartzeko, eta aldundia izango da, bost urtez, instalazioen titularra, mantentzeaz eta monitorizatzeaz arduratuko dena. Behin epe hori pasata, eta ondasunak desafektatu ondoren, udalaren jabegora pasako dira.

Horrez gain, Udalak konpromisoa hartzen du instalazioen ustiapena eta bertan sortzen den energia tokiko energia komunitatearen alde lagatzeko, gutxienez hogei urtez.