2023ko udal eta foru hauteskundeak

Getarian EH Bilduk mantenduko du alkatetza

Onintza Lete Arrieta 2023ko mai. 28a, 21:55

Aldaketarik ez Getarian. Haritz Alberdik bigarren agintaldia egingo du alkate, gaur bozak irabazita. EH Bilduk 886 boto eskuratu ditu, getariarrek emandako boto guztien %53,12. EAJk 745 boto eskuratu ditu, boto guztiek %44,66. PSE-EEk, azkenik, 10 boto eskuratu ditu.

2019ko udal hauteskundeetan bezala, gaur ere EH Bilduk eskuratu ditu boto gehien Getarian, 886 guztira. 2019an baino boto gutxiago jaso ditu, hala ere, orduan 948 eskuratu baitzituen. Abstentzioa ere txikiagoa izan zen orduan, %19,43koa. Gaur %22,57koa izan da.

Hala, Haritz Alberdik bigarren agintaldia beteko du alkate.

EAJ izan da bigarren alderdi bozkatuena, botoen %44,66rekin. 745 boto jaso ditu guztira.

Aurreko agintaldian bezala, sei zinegotzi lortu ditu EH Bilduk, eta bost EAJk.

2019an zinegotzi baten aldea

2019an aurkeztu zen alkatetzara aurreneko aldiz Haritz Alberdi EH Bildu koalizioaren eskutik, eta alderdiak alkatetzari eustea lortu zuen, 948 herritarren botoak jasota. EAJk, berriz, 719 boto eskuratu zituen. PSE-EE ere aurkeztu zen, baina 32 boto baino ez zituen lortu horrek.

Irabazi arren, EH Bilduk zinegotzi bat galdu zuen 2019an, eta sei zinegotzirekin gelditu zen; beste bostak EAJrentzat izan ziren.