"Irrintzilariak misio bat du: ondare hori transmititzea"

Onintza Lete Arrieta 2023ko mai. 31a, 12:51
Amaia Garcia irrintzi irakaslea, artxiboko irudian. (Utzitakoa)

Amaia Garcia irrintzi irakasleak doako tailerra emango du bihar irrintziaz Iturzaeta aretoan, eta burmuineko sistema linbikoa aktibatzen duen soinu bereziaz mintzatu da tailerraren bezperan.

Duela hamasei urte inguru sortu zituzten irrintzi ikastaroak Gernikan (Bizkaia), eta Amaia Garcia (Bermeo, Bizkaia, 1971) ia-ia ordutik dabil Euskal Herrian barna irrintzi tailerrak ematen. Bihar iluntzean, esaterako, Getarian eskainiko du –20:00etan, Iturzaeta aretoan–.

Irrintzia botatzeko eztarria da muga, ala lotsa muga handiagoa da?

Muga handiena norberaren burua da; ez dago bestelako mugarik, arazo fisiko zehatzak kenduta. Izan ere, diafragmarekin eta perineoarekin lotuta dago irrintzia. Presioa ahots harietatik behera egin behar da, perineoa uzkurtuta.   

Zeuk nola ikasi zenuen irrintzia botatzen?

Neure aitari entzunez. Transmisioa beti izan da horrela: plazan norbait entzun irrintzia botatzen, eta imitazioz hasi norbera. Baina gaur egun gero eta gutxiago entzuten da irrintzia, eta transmisioa gero eta zailagoa da. Beraz, ikastaroen formatu honek balio du norbere buruari botatako erronka gainditzeko.  

Urte asko daramatzazu irrintzi ikastaroak eskaintzen han-hemenka, ezta?

Gernikako Berbalagun taldeari bururatu zitzaion irrintzi ikastaroa antolatzea duela hamasei urte. Ikastaro hura Nati Ibarrak eman zuen, baina zoritxarrez, zendu egin zen, eta niri pasatu zidaten testigua. Hamalau-hamabost urte daramatzat irrintzi ikastaroak ematen Euskal Herri osoan zehar. Hasiera hartan, irrintziari buruzko informazioa aurkitzea izan nuen erronka handiena, ez dagoelako ia ezer idatzita.

Eta nola moldatu zinen?

Definizioak entziklopedietan aurkitu nituen, eta fisioteraupeutekin harremanetan jarri nintzen, jakiteko zer gertatzen den gure gorputzean; horri buruzko informazioa ere eskuratu nahi nuen. Handik urte batzuetara, ikerketa foniatrikoa egin zuten irrintziari buruz Nafarroako Klinika Unibertsitarioan, Medikuntza fakultateko foniatria atalean. Hori ikusita, beraiekin harremanetan jarri nintzen gaiaz pixka bat gehiago ikasteko asmoz. 

Zer zioen ikerketa hark?

Ana Martinez de Arellano foniatra ezagutu nuen orduan; irrintziari buruzko doktoretza dauka hark eginda. Saiatu da azaltzen irrintziak, ikuspuntu foniatrikotik, dituen ezaugarri bereziak; ezaugarriok bakarrak dira. Ezaugarri berezi hori da m formako harmonikoak sortzen dituela irrintziak; hori ez da sortzen beste inolako emisiotan. Irrintzilariek irrintzia botatzen zuten momentua aztertzen aritu zen espektograma izeneko makinaren bitartez, eta horrela jakin zuen berezitasun hori zuela. Haren bitartez, asko ikasi dut irrintziari eta teknikari buruz.   

Ikastaroak emateko ere balio izan al dizu jakintza horrek?

Hein batean, autodidakta ere izan naiz; neure kasa prestatu ditut irrintzia botatzen erakusteko ariketa onenak. Biharko Getariako ikastaroan, esaterako, galiziarrek egiten duten irrintziaren antzeko emisioa entzungo dugu; aturuxo-a. Ikastaroaren helburua da irrintzia botatzen dakienak bere teknika hobetzea, ez dakienak adorea hartzea irrintzilari bihurtzeko, eta beste helburua da transmisioa bermatzea. Ikastaroak bi ordu irauten badu, bermatuta dago irrintzia botatzen amaituko duela parte hartzen duen orok. Behin beldurra kenduta, ikasita, baliabide hori erabiltzen jarraitzea da gakoa, eta behin irrintzilari bihurtuta, norberak misio bat du bizitzan: ondare hori transmititzea familiari, lagunei... Hori mantendu egin behar da, gure kulturaren parte delako, eta, gainera, Ekain Martinez de Lizarduyren dokumentalean ikusiko dugun bezala [irrintzi tailerraren aurretik botako dute Erraiak lana], antzina-antzinatik datorren transmisio bat delako. Ez dakigu nondik datorren, baina 2023. urtean aldarri hori existitzen da, eta mantendu egin behar dugu. 

Irrintzia eta antzeko soinuak zer emoziorekin lotzen diren eta zer helburu duten jakiterik ba al dago? Zer diote ikerketek?

Oso primarioa da. Irrintzia botatzen duzunean – aipatutako dokumentalean agertzen da antropologo bat hori azalduz–, gure burmuinean sistema linbikoa aktibatzen da, eta hori emozio primarioekin aktibatzen da, bizirauteko balio digutenekin: poztasunak, esaterako, gure sistema erreproduktiboa aktibatzeko balio du. Irrintzilariei galdetzen badiegu, esaten dute irrintzia botatzea barru-barrutik datorren sentimendua dela. Nerabezaroan, gustuko pertsona ikusitakoan behetik gora tximeletak sentitzen direnean bezalako emozioa eragiten du bizitzan botatako aurreneko irrintziak. Bestalde, amorruarekin ere asko lotzen da, eta gaur egun manifestazioetan asko entzuten da irrintzia. Beldurra eragitea ere izan da irrintziaren helburu bat. 

Zer kasutan, esaterako?

Erdi Aroko kroniketan agertzen dira aurreneko aldiz irrintziari buruzko aipamenak, eta horietan jasota dago Orreagako gudan euskaldunek nola botatzen zituzten halako garrasiak aurkariak izutzeko. Izan ere, irrintziak 120 dezibeliotik gorako indarra dauka, eta horrek esan nahi du gorputz osoa mega-anplifikadore bat bihurtzen dela. Aurkaria beldurtzeaz gain, irrintzilariari berari adorea emateko ere balio zion hastear zen borrokaldiaren aurrean irrintzia botatzeak. 

Komunikatzeko funtzioa ere izango zuen bere garaian irrintziak, ezta?

Bai. Entziklopediek beti lotu izan dute artzainen munduarekin. Euskal Herrian mendi asko ditugu, eta mendi magaletan artzainen txabolak daude. Bere garaian, funtzio praktikoa zeukan artzainentzat: artzainek bazekiten txabola bakoitzean nor egoten zen, eta bazekiten artzain bakoitzaren irrintzia nolakoa zen. Hala, batek irrintzia botatzean, bestearen erantzunaren arabera –distantziagatik eta norabideagatik–, bazekiten beste artzaina txabolan ala ondoko mendian zegoen. 

Irrintzilari mordoxka bat sortuko zen zure ikastaroetan...

Urtean hamar bat ikastaro ematen ditut. Ezin dira asko ere egin, ezin duzulako egunero aldarrika aritu. Hala ere, kalkuluak eginda, esango nuke mila laguni baino gehiagori erakutsiko niola irrintzia botatzen. 

Egitaraua


Bihar, osteguna

  • 19:00. Erraiak dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia Ekain Martinez de Lizarduyrekin, Iturzaeta aretoan.  

  • Jarraian. Irrintzi tailerra Amaia Garciarekin, Iturzaeta aretoan. Izen ematea gaur amaituko da; udaletxera bertaratuta edo kultura@getaria.eus helbidera mezua idatzita egin behar da. 


Etzi, ostirala

  • 18:30. Gure Txeruren eskutik, haurren dantza emanaldia, herriko frontoian.

  • 22:00. Gure Txeruren eskutik, helduen dantza emanaldia: Zaharretan berri dantza ikuskizuna. Musikariak: Pepita Enbil musika eskola, Getariako Musika Banda eta Gazte Alaiak txistulariak.

Ekainak 3, larunbata. Euskal Jai Eguna

  • Goizean. Txistulariak, trikitilariak eta pandero jotzaileak kalez kale.

  • 09:00. Gazte Alaiak taldeko txistulariak kalez kale.

  • 10:00. Musika eskolako trikitilariak eta pandero jotzaileak kalez kale.

  • 11:30. Musika eskolako haur trikitilariak kalez kale eta plazan.

  • 12:30. Plaza dantzak txistulariekin eta trikitilariekin, plazan.

  • Bitartean. Mikro irekia irrintziak botatzeko. Irrintzi onena sarituko da.

  • 13:30. Larrain dantza, plazan.

  • 17:00. Arrapaladan taldearekin triki-kalejira.

  • 19:00. Kantujira Taberna Ibiltariarekin.

  • 22:30. Erromeria Bide Batez taldearekin, plazan.